Gizartea -

Energia nuklearra

Garoñako zentral nuklearra ez ixtea aztertzen ari da Nuclenor

Ixteko bi hilabete falta direnean, zentrala kudeatzen duen enpresak ustiapen baimena luzatzea eskatu ahal izateko deia egin dio Espainiako Gobernuari.

Nuclenorrek Garoñak lanean jarraitzeko eskaera egin du

0:48

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Garoñako zentral nuklearra kudeatzen duen enpresaren (Nuclenor) Administrazio Kontseiluak zentrala uztailaren 6an ixteko agindua baliogabetzea eskatu dio Espainiako Gobernuko Industria Ministerioari, "ustiapena luzatzea eskatu ahal izateko".

Irailean, Nuclenorrek errefusatu egin zuen ustiapena luzatzea eskatzea, PPren Gobernuak 2019. urtea arte jarraitzeko baimena eman bazion ere.

Garoñako zentrala kudeatzen duen enpresak, hain zuzen, Iraunkortasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko Legea onartu zenean erabaki zuen zentrala ustiatzen ez jarraitzea; lege horrek nuklearrentzako zerga berriak jasotzen ditu.

Abenduaren 28an, legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta egun bat geroago, Garoñako enpresaren Administrazio Kontseiluak (Endesa eta Iberdrola konpainia elektrikoek osatuta dago) zentralaren jarduera etetea erabaki zuela helarazi zion Industria Ministerioari. 2012. urte amaieratik dago geldituta eta sare elektrikotik deskonektatuta.

Nuclenorrek Ministerioari igorritako agirian, ordea, ez zuen baztertzen zentrala berriro martxan jartzeko aukera.

Atzo, Industria Ministerioari idatzi bat aurkeztu zion konpainiak, zentralaren jarduera uztailaren 6a baino haratago luzatzeko eskaera eginez. Dena den, konpainiak ez du argitu azkenean luzapena eskatuko duen ala ez.

Carlos Bravo energia nuklearrean adituak adierazi duenez, Nuclenorren mugimendu hau Espainiako Gobernuak sektore energetikoaren erreforma legea bukatzen duen bitartean "denbora irabazteko trikimailua" da. Erreforma horrek zentral nuklearren jarduera 60 urtera arte luzatzeko aukera zabalduko du, seguru asko.

Araba Garoñarik gabe plataformak ez du behin betiko itxiera ez den beste aukerarik onartzen, eta berriro martxan jarriko balitz "gizartearen borondateak eletrikoen aurrean zereginik ez" duela frogatuko litzatekeela adierazi du. Zentraleko enpresa batzordearen iritziz, berriz, "oso albiste ona da" eta zentrala berriro martxan jartzea nahi du.

Eusko Jaurlaritza eta Arabako Aldundia Nuclenorren mugimenduarekin harrituta daude, baina ez dute horren inguruko adierazpenik egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea