Gizartea -

San mamesko sarbidea, bihar

Sabino Aranako sarbidea, itxita 38 urte geroago

Gaur goizean Juan Garai kaleko sarbidea ireki dute, 10 urteren ostean, eta bihar San Mamesko sarbidea zabalduko dute.

22:00etan itxiko dute Sabino Aranako zubibidea. EiTB
22:00etan itxiko dute Sabino Aranako zubibidea. EiTB
Gauean itxiko dute Sabino Aranako sarbidea

1:21

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak gaur gauean (23:00) itxi du Bizkaiko hiriburuko sarbide nagusia, hau da, A-8 autobideak Sabino Arana kalean duen zubibidea. Inguruko auzokideek behin eta berriz eskatu dute azpiegitura hori ixtea eta eraistea, 1975. urtean martxan jarri zutenetik.

Gainera, 10:00etan Juan Garai kaleko sarbidea ireki dute, 10 urteren ostean, eta bihar, 05:00-06:00ak aldera, San Mames parean dauden sarbide eta irteera berriak zabalduko dituzte.

Hori horrela, ordu kritikoenak gaur gauean izango dira, Sabino Aranako zubibidea ixten dutenetik San Mamesko sarbidea ireki arte.

Erreforma horiekin, Bilbok bederatzi sarrera-irteera izango ditu orotara; horietako zazpi, zirkulazio ahalmen handikoak: lau iparraldean eta hiru hegoaldean.

San Mamesko sarbidea martxan jartzeko, inguruko kaleetako noranzkoak ere aldatu behar izan dituzte (ikusi albiste honetako argazkiak eta infografia).

Sarbide berriak Sabino Arana kalekoak baino ahalmen txikiagoa du, eta, horregatik, duela 10 urte Juan Garai kalean itxi zutena berreskuratzea erabaki dute Udalak eta Aldundiak.

Hain zuzen ere, Sabino Arana kaleko sarbideak egunean 80.000-100.000 ibilgailu artean har zitzakeen, baina San Mameskoak 50.000 bakarrik.

Orain arte, ibilgailu gehienak Sabino Aranatik sartu izan dira; orain, baina, gidariek hainbaten artean hautatu beharko dute.

Sarbide egokiena aukeratzeko deia egin dute

Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak auto gidariei euren jomugara heltzeko sarrerarik egokiena aukeratzeko deia egin die.

"Bilbon ez dago sarrera bakarra, [zirkulazio ahalmen handiko] zazpi daude eta egokiena aukeratu behar da", gomendio hori egin die Abaunzak hirira sartu behar duten gidariei.

San Mamesko sarbide berriaren irekiera operatiboa jarraitzeko talde bat eratu dute, eta asteburu osoan Udaletxeko trafiko gelan bilduta egongo dira sor litezkeen arazoak ahalik eta azkarren bideratzeko.

Horrez gain, Abaunzak adierazi duenez, Udaltzaingoaren agenteak gau eta egun egongo dira zirkulazioa zuzentzen.

Bilbo sarrera berria euskaraz eitb

Bilbo sarrera berria euskaraz eitb

San Mamesko sarbidea. Infografia: Bilboko Udala

Egun garrantzitsuena, astelehena

Agintariek apropos erabaki dute San Mamesko sarbide berria bihar, hots, larunbat batean, irekitzea, zirkulazioa aste barrukoa baino eskasagoa baita. Gainera, Athleticek Bilbon partidarik ez duelako ere hautatu dute biharko eguna.

Horregatik, azpiegitura berriaren arrakasta astelehenean neurtuko da, lehen laneguna izango baita, eta ibilgailu ugarik erabiliko baitute.

"Pilaketak egongo dira lehen orduetan, Sabino Aranan egon ohi ziren bezala", aitortu du Abaunzak. "Aste batzuen buruan normaltasunez ibiltzea espero dugu", erantsi du.

Bilbao trafico mapa

Bilbao trafico mapa

Bederatzi sarrera-irteera. Infografia: Bilboko Udala

Honelakoa da sarbide berria

San Mames pareko sarbideak Donostiako bidetik zein Kantabriakotik datozen ibilgailuak hartuko ditu. Cadaguako Korridoretik ere bertara jo ahalko dute gidariek.

Guztira, lau urte eta erdi eta 215 milioi euro behar izan dituzte azpiegitura egiteko.

Sarbidea zortzi kilometro luze da, eta lau tunel faltsu (110x340 metrokoak), lau zubibide (57x323 metro) eta tunel bat (351 metro) ditu.

Bilboko sarbide berria, EiTBren egoitzaren eta EHUren campusaren artean. Argazkia: eitb.com

Juan Garai kaleko sarbidea, gaur goizean. EiTB

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea