Gizartea -
CIC bioGUNEko zuzendaria
'Espero genuen, baina zailtasun handiko aurrerapauso teknikoa da'
Jose Maria Mato CIC bioGUNEko zuzendariak azaldu duenez, lortutakoa "teknikoki oso konplexua da, albiste ona da. Oso baliotsua izan daitekeen tresna teknikoa da".
Erredakzioa
Jose Maria Mato CIC bioGUNEko zuzendariaren hitzetan, AEBetako zientzialariek lortutakoa "espero genuen aurrerapauso tekniko bat da, baina zailtasun handikoa; izan ere, hamarkada bat baino gehiago behar izan dute gauzatzeko".
Mato Radio Euskadiko 'Graffiti' saioan elkarrizketatu dute. AEBetako zientzialariek gizakien zelula amak klonatzea lortu dute eta aurrerapauso horren garrantzia goraipatu du CIC bioGUNEko zuzendariak.
Matoren arabera, lortutakoa "teknikoki oso konplexua da, albiste ona da". "Oso baliotsua izan daitekeen tresna teknikoa da", erantsi du.
Dolly ardiarekin erabilitako teknika bera dela azaldu du Matok, baina orain arte gizakien zeluletan aplikatzea ezinezkoa izan da.
"Gizakien zelula enbrionariokin teorian larruazala sortzera hel gaitezke, baina oraindik nola egin ez dakigu, hala ere, egitea posible da", gaineratu du.