Gizartea -

Osasuna

Bularreko minbizia menperatu duten bi emakume

Uxue Barkos eta Estibaliz Ruiz de Azua gaixotasunaren aurkako borrokari buruz mintzatu dira, Radio Euskadin. Kutsu positiboa emanda, itxaropen mezuak emanda.

Uxue Barkos eta Estibaliz Ruiz de Azua. EiTB
Uxue Barkos eta Estibaliz Ruiz de Azua. EiTB
Uxue Barkosek eta Estibaliz Ruiz de Azuak minbizia izan dute hizpide

1:28

D.P. | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos eta Estibaliz Ruiz de Azua, bularreko minbizia garaitu duten bi emakume, gaixotasunari buruz mintzatu dira gaur goizean "Boulevard" Radio Euskadiko saioan. Solasaldiari kutsu positiboa eman diote, egoera berdinean dauden pertsonak itxaropentsu egon daitezen.

Uxue Barkos diputatua da Kongresuan, Geroa Bai koalizioarekin, eta zinegotzi Iruñeko Udalean. Contra viento y marea liburua idatzi berri du, minbiziaren aurkako borroka kontatzeko. Estibaliz Ruiz de Azua ETBren kazetari ezagunetakoa da.

Solasaldi/elkarrizketa horretan, Barkosek argi utzi nahi izan du bularreko minbizia "sendatu" egin daitekeela. Gainera, senideen eta lagunen babesa eta osasun publikoaren langileen lana eskertu nahi izan du.

Barkosek osasun zerbitzu publikoan egin du tratamendua, eta bi arrazoi aipatu ditu: alde batetik, "ezer hoberik ez dagoela uste dut", eta, bestaldetik, "nazka ematen dit nire osasuna negozio izatea". Horregatik, osasun publikoa salbatzeko eta prebentzioan aurrera egiteko deia egin du.

Diputatu abertzaleak oso argi izan zuen gaixorik zegoela publiko egin nahi zuela: "Lanpostuan askotan faltako nintzen, hauteskunde kanpaina hastear zen eta askotan zapia jantzia agertuko nintzen... Gainera, nire buruari zor nion kimioterapiaren ondorioak ezkutatu gabe agertu ahal izatea. Ulertu egiten ditut gaixotasuna isilean gorde nahi dutenak, baina ni aske sentitu nintzen".

Biek gertukoenen babesa eskertu nahi izan dute. "Tratamendua gaixoak egiten du, baina senide guztiei eragiten die", esan du Ruiz de Azuak, eta senideen "aurpegia" begiratzea gaixotasunaren garapena ezagutzeko modu onena zela gaineratu du.

Barkosek azaldu duenez, "pertsona askoren laguntza bilatu nuen, eta Saray elkartean ere". "Senideak ez kezkatzen saiatu nintzen, baina egia da [sentitzen nuena] partekatzea eta horri buruz hitz egitea oso lagungarri izan nuela". "Gaixotasunarekin aske bizi gaitezen!", aldarrikatu du.

Minbizia atzeman eta gero, "norbaiti deitu" beharra dagoela adierazi du Ruiz de Azuak, "eta garrantzitsua da nori deitzen diozun lehen". Barkos iritzi berekoa da: "Oso garrantzitsua da, bai, pertsona hori baita zure minaren lehen hartzailea". Bere kasua kontatu du: "Nire senarra bidaia batean zegoen, eta Iruñera itzultzen ari zen; ni ez naiz lasaia, eta une horretan albiste kontalari txarra izan nintzen, nire min eta bertigo guztiak jaso zituen".

Minbizia zuela seme adingabeari nola azaldu ere une zaila izan zen Barkosentzat: "Denbora behar da kontatzeko, gogoeta handia egin nuen. Ez nion aterik itxi nahi, jakin behar zuen hau sendatu egin daitekeela".

Angelina Jolieren kasua ere hizpide hartu dute. Aktoreari mastektomia bikoitza egin diote, bularreko minbizia izatea saihesteko, eta Ruiz de Azuak txalotu egin du: "Aktoreak bere irudia du lanbide, ez da batere ohikoa [ebakuntza hori egitea], urrats horiek oso ausartak eta lagungarriak dira".

"Erabaki hori hartzea ez da erraza; gaixotasunari aurre eginez, sendatu egiten dela erakusten du", nabarmendu du Barkosek. Gainera, Osasunbideak urtean tankera horretako bi ebakuntza egiten dituela gogorarazi du.

Solasaldiaren amaieran, Barkosek eta Ruiz de Azuak noizbehinka azterketak egiteko deia egin dutei: "Askotan, emakumeek ez dute azterketarik egiten, zerbait atzemango dieten beldur, baina zerbait atzeman behar badiete, hobe da orain atzematea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea