Gizartea -
Maiatzaren 18tik aurrera
Honela geratuko da zirkulazioa, San Mamesko sarbidea ireki ondoren
Sabino Aranako bidezubia maiatzaren 17an itxiko dute betiko, 40 urte martxan egon eta gero.
Erredakzioa
Bilbok inoiz izan duen errepide-birmoldaketarik handiena prestatzen ari dira egunotan Udala eta Bizkaiko Aldundia izan ere, datorren maiatzaren 18an zabalduko dituzte Bilborako sarbide berriak San Mames inguruan.
Sarbide berria martxan jartzearekin batera, betiko itxiko dute Sabino Aranako bidezubia, ireki zutenetik 40 urte joan direnean.
Azpiegitura berriaren irekierarekin Bilbora sartzeko egungo errepide-sarea eraberrituko da. Hala, bederatzi sarrera-irteera gune izango ditu.
Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraioen diputatuak eta Asier Abaunza Bilboko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak prentsaurreko bat eman dute astelehen honetan irekiera operatiboaren inguruko xehetasunak azaltzeko.
Larunbat goizaldean zabalduko dute San Mamesko sarbide berria
Bilboko erdiguneko sarrera eta irteeren birmoldaketaren unerik zailenetakoa Sabino Aranako bidezubia itxi eta sarbide berriak zabaltzea izango da, udal eta foru agintariek adierazi dutenez, hori dela eta, lan horiek apurka apurka egingo dituzte.
Hala, maiatzaren 17an (ostirala), 22:00etan, Sabino Aranako sarrera-irteerak betiko itxiko dituzte, martxan jarri zirenetik lau hamarkada igaro eta gero.
Eta larunbatean, goizeko lehen orduan, Bilbora sartzeko San Mameseko errepide-sarbide berriak zabalduko dituzte.
Azpiegitura berriaren eraikuntza lanek lau urte eta erdi iraun dute eta 215 milioi euroko kostua izan du. San Mames inguruko sarrera-irteera berriak 110 eta 340 metro arteko lau tunel faltsu (Santa Ana, Santiago, San Nikolas eta Bentazarra) eta 57 eta 323 metro arteko lau zubi dituzte, baita Altamira azpian induskatutako 351 metroko tunela ere.
Azken prestaketa lanak eta aldaketak
San Mamesko sarbideek zirkulazioan eta garraio publikoen zerbitzuetan aldaketa ugari eragin dituzte.
Egunotan seinaleak aldatzen eta margotzen ari dira. Ondorioz, Sabino Arana, Victor Txabarri eta Jesusen Bihotzaren artean, sartzeko bi errei izan beharrean hiru egongo dira, eta irteteko errei kopurua hirutik bira pasatuko da.
Hiriak 9 sarrera-irteera izango ditu
Azpiegitura berriaren irekierarekin Bilbok 9 sarrera-irteera izango ditu, 4 hiriaren iparraldean, eta 3 hegoaldean.
Halaber, ostiralean, Juan de Garaytik A-8rako bidea berriz irekiko, San Mamesko sarbideak Sabino Aranakoak baino ahalmen gutxiago duela eta.
Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak euren webguneetan emango dute sarbide berriak eragindako aldaketen berri.