Gizartea -
Jaurlaritzaren datuak
2011n EAEtik alde egin zuten gazteen % 98 atzerritarrak ziren
Gazteen emigrazioaren inguruan ''datuak argitu'' nahi izan ditu Gazteen Euskal Behatokiak, azken egunetan kaleratutako informazioen ondoren.
Erredakzioa
2011n Euskadi utzi zuten 18 eta 29 urte arteko 10.663 gazteen % 98,8 atzerritarrak ziren, Gazteen Euskal Behatokiak ostiral honetan jakitera eman duenez.
Itsaso Andueza Euskal Gaztediaren Kontseiluko presidenteak Legebiltzarrean egindako adierazpenen harira plazaratu diren ''interpretazioak'' argitu nahi izan ditu Jaurlaritzaren menpe dagoen erakundeak, ostiral honetan kaleratu duen prentsa ohar baten bidez.
Agerraldi horretan, 2011n 10.633 gaztek Euskadi utzi zutela jakitera eman zuen Anduezak (2010ean baino 4.549 gehiago).
Gazteen Euskal Behatokiak argitu duenez, gazte horietako gehienak atzerritarrak ziren, INE Estatistika Institutu Nazionalaren datuen arabera.
Emigrazioak atzerritarren artean egin du gora bereziki, EGJk prentsa ohar horretan azpimarratu dutenez. Hala, 2010etik 2011ra bitartean % 45 egin zuten gora emigratu zuten atzerritarren zenbatekoak.
Bertako gazteei dagokionez, gutxiago izan ziren 2011n atzerrira joandakoak, 2010arekin alderatuta (277tik 232ra jaitsi zen zenbatekoa).
2011n Euskadi utzi zuten gazteen % 29ak Afrikara alde egin zuen eta % 28,6ak, berriz, Europar Batasunera.