Gizartea -

Sutearen ondorioak

Bermeok sutearen ondorengo lanetan biktimak diruz laguntzea onartu du

Bestalde, Udaleko Osoko bilkuran, sutearen ondoren sortutako Larrialdi Batzorde berezia formalizatu dute.

Etxebizitzak berri eraikitzeko eta konpontzeko laguntzak dira. Irudia: EiTB
Etxebizitzak berri eraikitzeko eta konpontzeko laguntzak dira. Irudia: EiTB
Etxebizitzak berri eraikitzeko eta konpontzeko laguntzak dira. Irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie apirilaren 11ko sutearen biktimei, Eraikuntza Zerga, Instalakuntza eta Lanak (ICO), hirigintza-lizentzia eta lurzoru publikoaren tasak ordaintzeko. Diru-laguntzen zenbatekoa aipatutako zergen araberakoa izango da.

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak azaldu duenez, neurri honekin etxea berriz eraiki edo konpondu behar dutenak lagundu nahi dituzte eta, bide batez, Juan de Nardiz alde zaharrean dagoen kaleak normaltasuna berreskuratzean lagundu.

"Sutea izan zenetik, gure lehentasuna bizilagunak izan dira, eta gure esku dagoena egingo dugu laguntzeko. Hori da neurri honen helburua", gaineratu du.

Bestalde, ofizial egin dute sutearen ondoren osatu zen Larrialdietarako Batzordearen sorkuntza. "Batzorde hau egoera berezi bati erantzun jakina emateko sortu da", azaldu du.

Horren harira, Batzordearen helburua "suteak eragindako beharrei ahalik eta egokien erantzutea" dela azpimarratu du. "Egoera honi erantzun egokia emateko, beharrezkoa da departamentuen arteko koordinazioa, eta hor jardungo du Batzordeak", gaineratu du.

Larrialdietarako Batzordea udal-teknikariek, alkateak, Josu Unanue eta Karlos Goienetxea Bilduko zinegotziek eta Aritz Abaroa eta Xabier Legarreta zinegotzi jeltzaleek osatzen dute.

"Bermeoko Udalak lanean jarraituko du sutearen ondorioei aurre egiteko eta Alde Zaharra lehenbailehen normaltasunera itzultzeko. Lan gogorra dugu aurrean, baina ziur gaude erakunde guztien elkarlanarekin lortuko dugula", adierazi du Bidegurenek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea