Gizartea -
Zaborren kudeaketa
Gipuzkoako erraustegirako bi kontratu eteteko prozesua abiatu dute
Hondakinen Kudeaketa partzuergoak asanbladan erabaki zuen atzo IBHren eta RESAren bi kontratu, 8,3 milioi eurokoak, bertan behera uzteko prozesua hastea, "irregulartasun ugarirengatik".
Erredakzioa
Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa (GHK) partzuergoak Zubietan errauste-planta eraikitzeko aurreko legegintzaldian sinatu ziren bi kontratu, IBH eta RESArenak, bertan behera uzteko prozesua abiatzea erabaki zuen, atzo egindako asanbladan. Elkarte publikoak "irregulartasun ugari" atzeman ditu 8,3 milioi euroko kontratuan.
GHKren asanbladak zerbitzu juridikoen txostena aztertu dute eta bi kontratuak egiteko lehiaketa publikoan "irregulartasun asko" izan zirela ondorioztatu du. Hori horrela, kontratuak "baliogabetuta geratzen dira".
Txostenean agertzen denez, RESAk "hasieratik parte hartu zuen lehiaketaren baldintzen idazketan". Enpresa horren kontratua 6,8 milioi eurokoa zen.
IBH, berriz, "GHKren fakturak kobratzen hasi zen kontratua egin aurretik, eta 100.000 euroko kontratu zuzena sinatu ondoren, informazio pribilegiatua zuen 1,4 milioi euroko beste kontratu bat lortzeko".
Egoera horren aurrean, GHKren asanbladak bi kontratuak bertan behera uzteko prozedura abiatzea erabaki zuen. "Etengo ditugun lehenengo kontratuak izango dira", iragarri du.