Gizartea -
Hondakinen bilketa
Atez atekoaren inguruko parte-hartze prozesuari ekingo dio Ordiziak
Lezon, bestalde, astebete atzeratu dute atez atekoaren hasiera, arazo teknikoengatik.
Erredakzioa
Maiatzaren 6an hondakinen atez ateko bilketa sistemaren inguruko parte-hartze prozesuari ekingo diote Ordizian. Hilabete iraungo du ekimenak eta helburu nagusia ''informazioa eman eta gai zehatzen inguruan herritarren iritziak, proposamenak eta ekarpenak jasotzea'' izango da.
Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko presidenteak eta Igor Eguren Ordiziako alkateak prentsaurrekoan azaldu dutenez, Bideragarritasun Ikerketaren ondorioak jakin ondoren erabaki dute ''ahalik eta hondakin gehien biltzeko eta birziklatzeko lehen pausoak ematea''.
Egurenek jakitera eman duenez, ikerketak agerian utzi du atez ateko bilketak ''neurri handi batean'' hobetuko duela zaborren bilketa sistema, ''merkeagoa delako''. ''Bilketa berez garestiagoa den arren, asko murrizten du zaborren tratamenduaren gastuak, eta neurri handi batean handitzen ditu bai paperaren eta baita edukiontzien berrerabilera ere'', azaldu du.
Halaber, sistema honekin hondakinen % 73 birziklatzera hel daitezkeela aurreikusi dute.
Atez atekoa Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon
Bestalde, martxoaren 21ean Legorretan, Zaldibian eta Itsasondon atez atekoa martxan jarri zutela gogora ekarri du Andonegik, eta ''hilabetean birziklatze maila handitzea'' lortu dutela azpimarratu du.
Ateaz atekoa Lezon
Lezon, berriz, astebetez atzeratu dute atez ateko bilketa, arazo teknikoengatik. Astelehen honetan zen hastekoa atez atekoa, baina, azkenean, datorren astelehenean jarriko dute martxan sistema berria.