Gizartea -

Sutea Bermeon

Bermeoko herritarrak: 'Su bolak zetozkigun gainera'

"Pertsona batzuk nahiko gaizki ikusi ditut etxea galduko dutelako", adierazi du etxetik atera duten herritarretako batek.

Mikel Madariaga lekukoa. Argazkia: EiTB
Mikel Madariaga lekukoa.
Mikel Madariaga lekukoa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bermeoko alde zaharrean piztu den sutearen ondorioz etxetik atera duten herritarretako batek adierazi du balkoira atera dela sutearen berri eman diotenean, eta "su bolak" ikusi dituenean gertakariaren larritasunaz ohartu omen da.

"Sekula ez dut halakorik ikusi lehenago. Su bolak eta txinpartak zetozkigun gainera", adierazi du Enrique Varak Efe albiste-agentziaren mikrofonoetan.

Vara 04:00etan atera dute etxetik emaztearekin, semearekin eta 6 eta 9 urteko bi bilobekin batera.

Intxausti kalean bizi da Vara, sutea piztu den Juan Nardiz kalearen aldamenean.

Beste herritar batek, Manu Diez Uriartek, kaltetuen erreakzioa txalotu du: "Jendea oso lasai eta antolatuta zegoen".

Diez ere Intxausti kalean bizi da, baina sua ez da bere etxebizitzaraino iritsi.

"Zarata entzun dugu kalean eta etxetik atera gara koinatari laguntza ematera, keagatik etxetik atera baitute", gaineratu du bermeotarrak.

ETB-1eko kameraren aurrean hitz egin du bestalde, gaua kalean pasa behar izan duen Mikel Madariaga Bermeoko bizilagunak. Egundoko sustoa hartu duela onartu du, baina pozik agertu da etxean denak ongi daudelako. Gaua kalean pasa ostean etxera sartu ahal izan dira, eta gaurko gaua etxean pasa ahal izango dutela jakinarazi diete. Hala ere, atsekabetuta hitz egin du hainbat lagunek etxea galdu dutelako.

Sutearen ondorioz dozenaka lagun atera dituzte sei eraikinetatik, eta BBKren zentro sozialean bildu dituzte.

"Pertsona batzuk nahiko gaizki ikusi ditut etxea galdu dutelako", adierazi du etxetik atera duten herritarretako batek.

Bizkaiko Gurutze Gorriak gizarte-langileak eta psikologoak eraman ditu Bermeora kaltetutako herritarrei laguntzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea