Gizartea -

Sua, kontrolpean

70 lagun etxetik kanpo Bermeon, azken urteotako suterik larrienean

Hiru eraikin behera erori dira erabat, eta beste bost oso kaltetuta daude, Udalak emandako datuen arabera. 22 bat lagunek etxea galdu dute, eta kaltedunentzat laguntzak iragarri ditu lehendakariak.

Bermeoko sutearen irudi bat. Argazkia: EFE
Bermeoko sutearen irudi bat. Argazkia: EFE
Sute handi batek bost zauritu utzi ditu Bermeon

1:35

D.P./E.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dozenaka lagun euren etxeetatik atera behar izan dituzte ostegun honetan Bermeon, Alde Zaharrean piztutako sute handi baten ondorioz. Bermeoko Udalak arratsaldean kaleratutako datuen arabera, hiru eraikin behera etorri dira erabat, eta beste bost oso kaltetuta daude. Egunean zehar, baina, behera eroritako eraikinak bost izan direla ere uste izan da, Segurtasun Sailak emandako datuen arabera.

18:30ean, sutea kontrolpean zegoen erabat, baina suhiltzaileek bertan jarraituko dute gau osoan zehar, erabat itzaltzea bermatzeko.

Orotara 70 lagun geratu dira etxetik kanpo (35 bat familia), eta, horietatik, 22 bat lagunek (6-7 familia) etxea galdu dute. Lo egiteko tokia behar dutenei ohea bermatu die Udalak, horretarako udal eta gizarte egoitzetan prestatutako tokietan. Horren harian, bizilagun guztiek lo egiteko tokia dutela baieztatu du Josu Unanue Bermeoko alkateordeak ETBn. Idurre Bideguren Bermeoko alkateak ere Euskal Irrati Telebistan hitz egin du arratsaldean, eta, haren hitzetan, baliteke, guztira, 10 eraikin kaltetuta egotea. Lehendakariak gizarte-larrialdietarako laguntza indibidualak iragarri ditu kaltedunentzat.

Itzaltze lanetan bost pertsona (hiru suhiltzaile, ertzain bat eta udaltzain bat) arin zauritu dira, baina bertan artatu dituzte, eta ez dituzte ospitalera eraman behar izan.

Sua 04:00etan piztu da, hutsik zegoen lau solairuko eraikin batean, Juan Nardiz kalean, baina ondoren beste hainbatetara hedatu da. Guztira, 20 atari hustu dituzte, lau kaletan (Juan Nardiz, Erremedio, Nekazari eta Intxausti).

Etxebizitzak eta laguntzak, kaltetutako herritarrentzat

Ebakuatutako bizilagunak onik irten dira, eta BBKren zentro sozialera eraman dituzte, udaletxe plazan. Udalak, gainera, kaltedunen errolda bat egingo du, guztiei ostatu eman ahal izateko, eta informazioa herritarrak artatzeko bulegoan (Berhaz) ematen aritu dira.

Horren ildotik, Bizkaiko Aldundiak etxebizitzak utziko dizkie kaltedunei, bertan "luze" egon ahal izan daitezen. "Bost eguneko epean prest egongo dira, argindarraz, gasaz eta bestelako zerbitzuez hornituta, kaltedunak aldi baterako, baina luzerako, egon daitezen", iragarri du Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak.

Gobernuak Bizkaian duen ordezkaritzaordeak, gainera, Udalaren eskura jarri du Itsas Gizonentzako Gizarte Institutua, beharra egongo balitz suteak kaltetutako herritarrak bertan hartzeko. Guztira 1.200 metro karratuko eraikina da.

Estefania Beltran de Heredia Segurtasuna sailburua Bermeon izan da goizean, kalteen balantzea egiteko. Egoera "izugarria eta dramatikoa" dela adierazi du sailburuak bertan.

Arratsaldez, Bermeora bertaratu da Iñigo Urkullu, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramailearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzaren ''konpromisoa'' helarazi die kaltetutako herritarrei. Hala, gizarte-larrialdietarako laguntza indibidualak egongo direla esan du.

Sua, kontrolpean erabat

18:30ean, sutea kontrolpean zegoen erabat, baina suhiltzaileek bertan jarraituko dute, erabat itzaltzea bermatzeko. "Argindarra eta gas zerbitzua eten egin ditugu, eta horri esker kalteak txikiagoak izan dira", esan du goizean Javier Setien Bizkaiko suhiltzaileen buruak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan.

Horren esanetan, arazo nagusia ez da izan eraikin asko egurrezkoak zirela, baizik eta haizete handiak izan direla. Horren ondorioz hedatu dira sugarrak, hain justu.

Sua itzaltzeko lanetan 60 suhiltzaile aritu dira, Gernikatik, Uriostetik, Artatzatik, Basauritik, Iurretatik eta Deriotik etorrita. Bilboko Udalak ere talde berezi bat bidali du.

Oraindik ez dago argi zerk eragin duen sua, baina kausa zirkuitolabur bat izan litekeela uste dute: "[Kaltetutako] etxebizitza baten jabe naiz, eta [sutea zerk eragin duen] galdetu diet agintariei. Litekeena zirkuitulabur batek eragin izana dela esan didate; arratoi batek kable bati kosk egin omen dio", esan du bizilagun batek, Radio Euskadiko mikrofonoen aurrean.

Bermeo sutea egunez 4 EFE

Argazkia: EFE

Alkatea: "Alde Zahar osoa kiskaliko zela uste genuen"

Sugarren hedapena ikusita, "Alde Zahar osoa kiskaliko zela" uste izan dutela adierazi du Idurre Bideguren alkateak.

"Urduritasun momentu batean, aldamenean nuen suhiltzaile bati sua gelditzeko gai izango ote ginen galdetu diot. 'Ez dakit zer esan' itxurarekin begiratu dit. Oso une gogorra izan da, sugarrak oso handiak ziren", esan du.

Alkateak eskertu egin du suhiltzaileen lana, eta herriko hainbat enpresa hondakinak kentzeko prest agertu direla aurreratu du.

Alkatearen ondokoak, Josu Unanuek, sua "tamaina handikoa" izan dela adierazi du; izan ere, "oso azkar zabaldu da, etxeetako teilatuetatik batez ere, egurrezko egiturak baitituzte".

aitor_etxebarria_bermeo_sutea

Argazkia: Aitor Etxebarria

Bizilagun bat: "Su bolak zetozkigun"

Intxausti kaleko bizilagun batek kontatu duenez, balkoira atera denean "su bolak" ikusi ditu.

"Sekula ez dut halakorik. Su bolak eta txinpartak zetozkigun gainera", esan du, EFE agentziari egindako adierazpenetan.

Kale bereko beste auzokide batek kaltedunen erantzuna txalotu du: "Jendea oso lasai eta antolatuta zegoen".

Udaletxea eta Alde Zaharraren hainbat sarbide itxi egin dituzte.

Babes Zibila eta Gurutze Gorria bertaratu dira, bizilagunak artatzeko.

''Bizkaian azken 30 urteotan izan den suterik larriena'' da Bermeokoa, Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez.

 

Herritarren irudiek erakutsi egiten dute sutea oso handia izan dela

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea