Gizartea -

Cabacas

Goirizelaia: 'Familiarentzat mingarria da istripua izan zela esatea'

Iñigo Cabacasen familiaren defentsa abokatuaren esanetan, "arduragabekeriazko hilketa eta zaurituari laguntza ukatzea" izan daitezke kasuan egon daitezkeen delituak.

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren defentsa abokatua. Argazkia: EiTB
Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren defentsa abokatua.
Jone Goirizelaia, Cabacas auziaz, Radio Euskadin

1:04

Manu Gimenez

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jone Goirizelaia Iñigo Cabacasen familiaren defentsa abokatuak gogor kritikatu ditu Gervasio Gabirondo Ertzaintzaren zuzendariaren adierazpenak; izan ere, "Iñigo Cabacasen heriotza istripua izan zela esatea mingarria da familiarentzat".

Goirizelaiari elkarrizketa egin diote Radio Euskadin, athletikzalea pilotakadaz zauritu zutela urte bat bete den egunean. Abokatuak azaldu duenez, "ez dute modu egokian jokatu" gertakaria ikertzeko prozesuan eta "arduragabekeriazko hilketa eta zaurituari laguntza ukatzea" izan daitezke kasuan egon daitezkeen delituak.

Horren harira, Cabacasen heriotza "istripua" izan zela esatea "lekuz kanpo" dagoela eta ez duela "errealitatearekin bat egiten" iritzi dio Goirizelaiak. Abokatuaren arabera, "pertsona asko zeuden pilotak jaurtitzeko gailuekin eta Europar Batasuneko zuzentarauaren kontra erabili zituzten, pertsona asko gerritik gora zaurituz".

Gainera, Goirizelaiak salatu du ertzainek "gogor" jo zutela bertan zeuden athletikzaleen kontra eta "Cabacas artatzen ari ziren pertsonei jo" zietela.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburu ohiaren "jarrera" gaitzetsi du, ez baitu ulertzen, eta "ezkutatzeko zerbait" duela erakusten duelako.

Era berean, Cabacas familiaren defentsa abokatuak uste du "akats larria" dela "familiaren defentsa gutxiesten saiatzea, baina norberak jakingo du zer egiten duen kontzientziarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea