Gizartea -
Mugimendu sismikoak
Baliteke azken asteetako euriteek Nafarroako lurrikarak eragin izana
Halaber, adituek diotenez, litekeena da potasa meatzen galerietan izandako balizko luiziek ere mugimendu sismikoak eragitea.
Erredakzioa
Azken asteetan Nafarroako Erreniegako Mendikatetik hurbil izandako lurrikarrak eztabaidagai izan dira sismologia adituen artean. Horrela, lurrikararen jatorriei buruz ari dira ikertzen.
Gauzak horrela, hainbat adituk diotenez, litekeena da lurrikarak honako bi baldintza hauek eragin izana: batetik, azken asteetan Nafarroan izandako euriteek, eta bestetik, potasa meatzen galerietan izandako balizko luiziek.
Lurrikara berriak
Bestalde, Antonio Aretxabala geologoak adierazi duenez, baliteke datozen egunotan "lurrikara berriak izatea, eta indartsuagoak gainera, baina ez hondamenezkoak". Lizarragan 1998an izandako Ritcher eskalako 5,2 graduko lurrikara hartu du gogoan Aretxabalak.
Jatorriei buruz geologoak azaldu duenez, lurrikarak iturburu desberdina dute, baina "litekeena da Erreniegan izandako lurrikarak Iruneko eskualdean hainbat desoreka eragitea, domino efektua sortuz".
Aditu honek esan duenez, Donibane Garazitik Lizarraino doan zonaldea marruskadura gunea izan da milioi urtez.