Gizartea -
Bilbon
Hipotekan gehiegizko klausulak jartzeagatik banku bat zigortu dute
Bilboko epaitegi batek Banco Guipuzcoano banketxea zigortu du eta gutxieneko eta gehienezko tasen klausulengatik kobratutakoa itzuli beharko dio bezeroari.
Erredakzioa
Bilboko merkataritza-gaietarako epaitegi batek hipoteka batean ezarritako gutxieneko eta gehienezko tasen klausulak baliogabetu ditu gehiegizkoak direla iritzita. Hori dela eta, kontzeptu horregatik bankuak kobratutako kopurua itzuli beharko dio bezeroari.
Bezeroak Banco Guipuzcoano banketxearekin hipoteka bat sinatu zuen 2004. urtean. 480.000 euro eskatu zituen 25 urtean itzultzeko. Interes tasa aldakorra kontratatu zuen, euriborra eta 0,50eko diferentziala. Gutxieneko tasa klausula % 3koa eta gehiegizkoa % 15ekoa ezarri zuten. Kontratua handitu egin zuten geroago; beste 90.000 euro interes tipo berekin.
Bezeroak bankuaren aurka salaketa jarri zuen zoru klausula eta sabai klausula gehiegizkoak zirela argudiatuta. Banketxeak ordea, bezeroak hainbat eskaintza aztertu eta eurena hartzea erabaki zuela esan zuen.
Bilboko epaitegiak bezeroari eman dio arrazoia, gehiegizko tasen klausula "gutxieneko ezagutzak dituen norbaitek egungo egoeran ezinezkoa dela jakin baitezake" argudiatuta.
Epaiaren arabera, "egungo egoeran, ezinezkoa da interes tasa aldakorra % 15era hurbiltzea".
Hori dela eta, banketxearen onurarako bezeroari kalte egin diotela ebatzi dute; izan ere "klausula orekatuago bat adostea, % 6 edo 7ko gehienezko tasa esaterako, ezberdina izango litzateke".
Banketxeak halaber, interes tasen bilakaeren inguruko informazioa duela argudiatu du epaileak.
Ondorioz, kontratatutako klausula hori baliogabetzea erabaki du epaileak, eta Banco Guipuzcoano banketxeak interes aldakorra eta adostutako diferentzialetik gorako gutxieneko tasaren klausulagatik kobratutako diru kopurua itzuli beharko dio bezeroari.