Gizartea -

Nafarroan

Erromes gutxiago izan dira aurtengo lehenengo Xabierraldian

Hala ere, ez da aparteko jazoerarik izan. Medikuek 1.375 erromes artatu dituzte; horietatik bost, osasun-zentroetara eraman dituzte.

Aurreko urteetako Xabierraldiaren artxiboko argazkia. Egilea: EFE
Aurreko urteetako Xabierraldiaren artxiboko argazkia. Egilea: EFE
Milaka erromes Xabierko gaztelurako bidean dira jada

0:29

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko lehenengo Xabierraldia amaitu da igande goiz honetan, Xabierko Gazteluaren aurrealdean izandako ekitaldi erlijiosoak amaitu ostean. Larrialdietarako Zerbitzuek jakinarazi dutenez, ez da aparteko jazoerarik izan. Hala ere, mediku-taldeek 1.375 erromes artatu dituzte (543 erromes gehiago, iazkoarekin alderatuta). Horietatik % 88k babak zituen oinetan.

Halaber, bost erromes osasun-zentroetara eraman behar izan dituzte: biren kasuan, hankak bihurritzegatik; beste bik zorabioak izan dituztelako; eta azken bat, erori ostean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ez da trafiko-istripurik izan.

Foru Poliziak 58 autobus eta 1.250 ibilgailu zenbatu ditu: 7.900 lagun inguru. 2012an, ordea, 72 autobus eta 1.600 ibilgailu izan ziren (10.000 lagun inguru).

Lehenengo Xabierraldia

Milaka erromes izan dira asteburu honetan zehar 2013ko lehenengo Xabierraldian, 'Joan zaitezte eta herri guztietan fededunak lor ditzazkezue' lelopean. Erromesen segurtasuna bermatzeko 500 boluntario, Guardia Zibileko 300 agente eta 195 Foru-polizia izan dira lanean.

Urtero bezala, Xabierraldiak bi erromesaldi hartuko ditu. Lehenengoa igande honetan (hilak 10) izan da: 08:00etan Zangozatik gurutzebidea abiatu da, eta 10:00etan Jauregiaren aurrean meza egin dute. Bigarren Xabierraldia martxoaren 16an izango da: gurutzebidea 15:00etan izango da, eta meza, 17:00etan.

Halaber, Erriberaren Xabierraldia ostegunean hasi zen, eta Nafarroako Foru Erkidegoaren gainerako zonaldeen erromesaldiekin bat egin du larunbat arratsaldean, hilak 9, eta igande goizean, hilak 10. Gainera, Gazteen Gurutzea eta Avilako San Juanen erlikia Xabierraldietan izan dira. Aurten, lehen aldiz, erromesentzako gida bat argitaratu dute, ekitaldien ordutegi, zerbitzu eta gainerako datu interesagarrien berri emateko.

Segurtasuna bermatzeko

Parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeko, Foru-poliziak 195 agente jarriko ditu lanean bi txandetan, arratsaldean eta gauean. Guardia Zibilak ere 300 agente izango ditu lanean lehen eta bigarren mailako errepideetan. Gainera, erromesentzako larrialdietarako telefonoa jarri dute eskura (112).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea