Gizartea -
Gertakaria
Bi langile zauritu dira Bilbon, laneko aldamio bat erorita
Dirudienez, gertakaria 15:55ean izan da, 25 metroko luzera eta 20 metroko zabalera duen aldamioak behea jo duenean. Langileetako bat larri dago.
Erredakzioa
Bi langile zauritu dira, horietako bat larri, Bilboko eraikin bateko etxaurrean zegoen laneko aldamioa erorita, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Istripua 15:55ean izan da, Zumaia kaleko 10 zenbakiko eraikinean, 25 metroko luzera eta 20 metroko zabalera duen aldamioa zegoen lekuan. Oraindik ez da jakin aldamioaren zati bat zergatik erori den.
Egitura erortzeak bi pertsona harrapatu ditu, horietako bat (40 urte ditu) Gurutzetako ospitalera (Barakaldo) eraman dute eta bestea Basurtokora (Bilbao), Ertzaintzak azaldu duenez.
Zauri larrienak izan dituenak "traumatismo asko" izan ditu, lesioek ebakuntza kirurgikorik behar ez duten arren, eta "larri" sartu dute Gurutzetako ospitalean, zentrotik azaldu dutenez. Beste langileak garrantzi txikiagoko zauriak ditu, eta "kontziente" dago, Basurtoko ospitalean; bertan emango du gaua, behaketan.
Bi langileek izandako zauriez gain, aldamioaren erorketak hainbat auto kaltetu ditu, eraikinaren ondoan. CCOO sindikatuak ohar batean esan duenez, istripua egitura jasotzeko prozesuan izan da, langileak euskarriaren erdigunean aldamioko moduluak pilatzen ari zirenean.
Une horretan, aldamioak "eman egin du, amarradura gaizki itxita zegoelako edota egituran zegoen pisua handiegia zelako", CCOOren arabera.
Langilek Construcciones Zuar eta Andamios Europa enpresetakoak dira, sindikatuk azaldu duenez.