Gizartea -

Eguraldia

Asteartean bukatuko da denboraleagatik aktibatutako alerta laranja

Orokorrean prezipitazio txikiak espero dira, baina zenbait lekutan indar handiagoz egingo du tarteka.

Alerta laranja jarri dute astebururako elurra dela eta. Argazkia: EiTB
Alerta laranja jarri dute astebururako elurra dela eta.
EAE eta Nafarroa elur denboralearen menpe daude

3:19

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbatetik Euskadin bizi dugun denboralea dela eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak datorren asteartera arte luzatu du alerta laranja.

Gasteizen, Udalak ohar batean esan duenez, gau osoan zehar errepideak garbitzeko lanetan ibili dira eta gatza bota dute, batik bat maldetan. Goizean goiz, 42 langile gehiago batu dira operazio berezira eta bideak irekitzeko lanetan dihardute.

Donostian, Elur Plana jarri dute martxan. Garberako suhiltzaileen parkean 100 tona gatz gorde dituzte. Denboralea dela eta, suhiltzaileen ibilgailuak eta anbulantziak alerta egoeran eta 24 ordutan lan egiteko prest daude.

Bestalde, Iruñean, gaueko autobusak arazoak izan ditu goizaldean elurra dela eta. 05:00ak aldera, Iruñea eta Gorraitz batzen dituen autobusak herri sarrerako biribilgunera soilik sartu ahal izan du, baina 10:00etatik aurrera, arazo guztiak konpondu dira. Hori dela eta, Udaletik esan dutenez, "autobus guztiek normaltasunez funtzionatzen dute dagoeneko".

Eitb.com-eko webkameretan hirien zuzeneko egoera ikus daiteke.

Tenperaturak, gora

Nahiz eta igandean zehar elur gehiago egin duen, tenperaturek gorakada txiki bat izan dute larunbatekoekin alderatuta.

Eguerdi aldera, Urduñan erregistratutako tenperatura –1,4koa izan da, eta ordu berean Otxandion 0,4 gradu neurtu dituzte. Zaldiaranen, merkurioak –1,8 markatzen zuen, Gasteizen 1,5, Miramonen 2,9, Navarreten 0,5, Ordizian 1,5 eta Agurainen 1,6.

Alerta laranja

Euskalmeten arabera, astelehenean zehar elur-kotak gora egingo du apur bat; goizean 100-300 metrora egongo da, arratsaldetik aurrera 200-400 metrora.

Jarraituko du prezipitazioa egiten; orokorrean prezipitazio txikiak espero dira, baina zenbait lekutan indar handiagoz egingo du tarteka, kantauri isurialdean batez ere.

Noizbehinka ekaitzak jo dezake, txingorrarekin batera. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura igo daiteke, baina izotza egingo du berriro.

Segurtasun Sailak datorren asteartera arte luzatu du larunbat honetan aktibatu den alerta naranja. Astelehen goizean elur-kota 100 eta 200 metrotan kokatu daiteke, eta arratsalde parterako 300-400 metrotara igoko da.

Aste hasieran, 1000 metrotan espero den elur lodiera 10 eta 40 zentimetro bitartekoa izango da, 600 metrotan 10 eta 40 artekoa, eta 200 metrotan 5 eta 15 zentimetro artekoa.

Zeroz azpiko tenperaturak

Iruñean, zeroz azpitik 3 graduko tenperatura izan dute goizean goiz, Gasteizen, berriz, -1, Donostian 0, eta Bilbon 3.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea