Gizartea -
Bilaketa Donostian
Donostiako itsasertzean ikusitako gorpua bilatzeari utzi diote
14:00ak inguruan bertan behera gelditu da bilaketa. Ostiral arratsaldean ikusi zuten Sagueseko pasealekutik hurbil dagoen haitz eremu batean.
Erredakzioa
Ostiral arratsaldean Donostiako itsasertzean ikusitako gorpua bilatzeari utzi diote gaur 14:00etan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hilotza Sagueseko pasealekutik hurbil dagoen haitz eremu batean ikusi zuten hainbat lekukok, ur gainean.
Ertzaintzak eta Frantziako Poliziak Hendaian partekatzen duten polizia-etxeko iturriek jakinarazi dutenez, atzo eguerdian gorpu bat aurkitu zuten Bidarteko Ilbarritz hondartzan. Antza denez, mareak bultzatuta heldu zen gorpua hondartzara. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi duenez, oraindik ez dute gorpua identifikatu.
Kontuak kontu, gaur bertan behera utzi dituzte ostiralean Donostian ikusitako gorpua bilatzeko lanak.
Operatiboan, Ertzaintzaren helikoptero bat, Gurutze Gorriaren eta Itsas Salbamenduaren hainbat ontzi, Ertzaintzako eta Gurutze Gorriko urpekariak, eta suhiltzaileak aritu dira lanean.