Gizartea -

Noos auzia

Torres: 'Cristina infantak erabakiak hartzen zituen Noos Institutuan'

Gainera, Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak esan du dukearen abokatuak dirua eskaini ziola Nóos auziaren inguruan ezer ez esatearen truke.

Diego Torres eta emaztea, epaitegira iristean. Argazkia: EFE
Diego Torres eta emaztea, epaitegira iristean. Argazkia: EFE
Torresek baieztatu du Cristina infantak erabakiak hartzen zituela

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diego Torres Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak epailearen aurrean esan duenez, Palmako dukeak eta Torresek berak Valencia Summit kirol-foroa negoziatu zuten Zarzuelako jauregian.

Jose Castro Noos auziaren izapideak abiatu dituen epaileari azaldu dionez, bilera 2004ko martxoan izan zen, errege-egoitzan, eta bertan Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidenteordea eta Rita Barbera Valentziako alkatea izan ziren.

Valencia Summit 2004, 2005 eta 2006ean Valentzian izandako kirolari buruzko topaketa da. Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak dioenez, litekeena da ekitaldi hori kudeatzeagatik Urdangarinek eta Torresek justifikatu gabeko diru publikoa jaso izana.

Halaber, Cristina infanta eta Carlos Garcia Revenga idazkariaren ustezko inplikazioari buruz galdetu dio Palmako dukearen bazkide ohiari. Torresek azpimarratu duenez, infantak eta Garcia Revengak zeregin aktiboa zuten Noos Institutuaren batzordean, eta gainerako kideek bezala, erabakiak hartzen zituzten.

Dokumentazio berria

Torresek Noos Institutuaren kudeaketari buruzko dokumentazio berria eman dio epaileari. Halaber, Urdangarinen bazkide ohiak esan duenez, Nooseko zuzendaritzako kideek haien ezagutzaren araberako ekarpenak egiten zituzten.

Hainbat alditan Jose Manuel Romero abokatua aipatu du Torresek. Romero Errege-Etxearen aholkulari juridikoa da, eta 2006an Noos Institutuaren ekintza publikoen protagonista ez izateko gomendatu zion Urdangarini.

Halaber, paradisu fiskal batean aurkitutako Zerga Administrazioko Estatu Agentziak 960.000 euroko kontuaren gainean galdetu diote Torresi. Horrek azpimarratu duenez, Noos Institutuan lan egiten hasi baino lehen aurreztutako dirua da.

Dukearen abokatuak dirua eskaini zion

Deklarazioaren beste momentu batean, Torresek esan du Iñaki Urdangarinen abokatuak dirua eskaini ziola Nóos auziaren inguruan ezer ez esatearen truke.

Are gehiago, fiskalak Urdangarin nolabait presionatzen ari den ala ez galdetu dionean, Torresek esan du egoera alderantziz dela: dukearen abokatua izan dela berari mehatxu egin diona.

Campsek Torres gezurtatu du

Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohiak Diego Torresek epailearen aurrean esandakoa gezurtatu du. Torresek Campsen izena aipatu du Valencia Summit auzian.

Torresek esan duenaren arabera, Iñaki Urdangarinek eta berak Zarzuela Jauregian egitekoa zen Valencia Summit kirol foroaren gorabeherak eztabaidatu zituzten 2004an egindako bilera batean, eta bilera hartan Francisco Camps eta Rita Barbera Valentziako alkatesa egon ziren.

Zazpi orduko deklarazioa

Epailearen aurrean 09:50etatik aritu da Diego Torres Noos Institutuko arduraduna. Ondoren, Ana Maria Tejeiro Torresen emaztearen txanda izan da. Diego Torresen deklarazioak zazpi ordu iraun ditu, eta bertan esandakoen arabera, Palmako dukea Noos Institutua zuzentzen jarraitu zuen 2008ko erdia alderarte, hau da, ez zuen kudeaketa utzi 2006an erregearen etxeak eskatuta, nahiz eta Urdangarinek epaileari hori esan.

Torresen adierazi duenez, Jose Manuel Romero Fontaoko dukea eta erregearen etxeko aholulari juridikoak Noos Institutuarekin lotura publikorik ez izateko zer egin behar zuen esaten zion Urdangarini.

Diego Torresek epaileari esan dionez, Nooseko ekintza guztiak legezkoak zirela uste zuen, erregearen etxea jakinaren gainean zegoela ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea