Gizartea -
Abiadura Handiko Trena
AHTren lanak amaitzeko eskatu die Oregik Rajoyri eta Hollanderi
Ingurugiro sailburuak azaldu duenez, euskal trenbide sare berria "herri mailako proiektu handia da, eta Jaurlaritzak aurrera ateratzeko konpromisoa hartu du".
Erredakzioa
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro sailburuak Abiadura Handiko Trena (AHT) sustatzeko konpromisoa berretsi du eta dagozkien lanak amaitzeko eskatu die Espainiako eta Frantziako gobernuei.
Oregik Ingurugiro Sailak legegintzaldi honetan izango dituen irizpide nagusiak azaldu ditu Eusko Legebiltzarrean, Antonio Aiz garraio sailburuordearekin, Jose Antonio galera Ingurugiro sailburuordearekin eta Izaskun Iriarte zuzendariarekin batera.
Garraioari dagokionez, sailburuak esan du "herri mailako proiektu" handia dela euskal trenbide sare berriarena eta "Jaurlaritzak aurrera eramateko konpromisoa" hartu duela. "Guk aurrera jarraitzen dugu gure konpromisoarekin eta Madrili eta Parisi Valladolid/Gasteiz eta Behobia/Dax tarteak amaitzeko eskatzen diegu, 2019 edo 2020rako Lisboa/Madril/Hendaia/Paris linearekin gozatzeko aukera izan dadin, Europar Batasunaren garraio lehentasunen artean agertzen den moduan", gaineratu du Oregik.
Era berean, Oregik esan du beharrezkoa dela Donostialdeko Metroaren proiektua berritzea. "Gaur egun bizi ditugun murrizketek administrazioen artean eztabaida pizteko eta proiektua diseinatzeko bidea ireki behar digute", sailburuaren esanetan.
Bilboko Metroari dagokionez, 3. linearako lanek bere horretan jarraituko omen dute, eta Jaurlaritzaren helburua txartel bakarra lortzera bideratuko dute.
Bestalde, aireportuen aldeko elkarlana sustatzearen aldeko apustua egin du, baita Jundiz industrigunearen eta Pasaiako portuaren eraberritzearen alde ere.