Gizartea -
Iragarpen ofiziala
Benedikto XVI.a aita santuak zereginari uko egin dio
Benedikto XVI.a aita santuak kargua utziko du otsailaren 28an, gaur Vatikanoak iragarri duenez. Duela 600 urte utzi zuen aita santu batek kargua azkenengoz.
Erredakzioa
Benedikto XVI.a aita santuak kargua utziko du otsailaren 28an, gaur Vatikanoak iragarri duenez. Duela 600 urte utzi zuen aita santu batek kargua azkenengoz. Kardinalen konklabeak aita santu berria martxoan aukeratuko duela uste du Vatikanoak. Joseph Ratzinger klaustroaren bigarren egunean aukeratu zuten, 2005ean.
"Askatasun osoz, Erromako apezpiku eta San Petriren ondorengoa izateari uko egingo diot" hitzak erabili ditu aita santuak bere erabakia iragartzeko.
Otrantoren martirien kanonizaziorako kontsistorioan iragarri du Benedikto XVI.ak bere erabakia. "Nire adina dela eta, egitekoa gauzatzeko indar nahikorik ez dudala ikusi dut". Apirilean 86 urte beteko ditu.
Gauzak horrela, aita santu berria aukeratzeko konklabea martxoan egingo dute.
Aita santuaren anaiak, Georg Ratzingerrek (89 urte), Benediktok kargua utziko duela berretsi du, eta arrazoia aita santuaren "osasun egoera" dela azaldu du.
Benedikto XVI.a Castel Gandolfora joango da Egoitza Hutsa hasten denean. Aita santu berria aukeratzen dutenean, Benedikto XVI.a Vatikanoko klausurazko monasterio batera erretiratuko da, Federico Lombardik azaldu duenez.
Aita santuak ministerioari uko egitea erabaki izanak ustekabean harrapatu ditu guztiak, baita Vatikanoan ere, Federico Lombarda Egoitza Santuaren bozeramaileak azaldu duenez. Hurrengo aita santua aukeratzeko konklabea 2013ko otsailaren 28an hasiko da, 20:00etan, Erroman
Lombardiren hitzetan, Benedikto XVI.ak ez du gaixotasun larririk eta indarrik ez duelako egin dio uko bere ministerioari. Vatikanoaren bozeramaileak azaldu duenez, apaiz pederasten eskandaluek ez dute Benediktoren erabakian eragin.
Karguari uko egin zion azken aita santua Gregorio XII.a izan zen, 1415. urtean.
2005ko apirilaren 19an, Joan Paulo II.a hil ostean, Joseph Ratzinger aita santu izendatu zuten.
Rouco Varelak ez daki ezer ''aita santu berriaz''
Antonio Maria Rouco Varela Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak prentsaurrekoan esan duenez, ez daki ''ezer'' aita santu berria izan daitekeenaz, baina ''inoiz ez daude saltoak aitasantutzetan'', haren hitzetan.
Espainiako Gotzainen Biltzarreko presidenteak, halaber, Benedikto XVI.ak gazteekin izan duen ''harreman ona'' azpimarratu du, eta "atsekabetuta" eta "umezurtz" utzi du aita santuak zereginari uko egingo diola iragarri izanak.
Espainiako hamar kardinal, hautagai
Espainiako hamar kardinal hautagai dira Benedikto XVI.aren lekukoa hartzeko. Horietatik bostek botoa eman dezakete, baina hamarrak dira hautagai.
Ustekabea eta errespetua, erreakzioetan
Mario Iceta Bilboko gotzainak esan duenez, "aita santuari indar gutxi zuela nabaritzen zitzaion". "Bere helburua beti izan da, beste inongo loturarik gabe, Jainkoa eta Eliza zerbitzatzea", gaineratu du. Halaber, erabakia "ausarta'' izan dela uste du, ''aita santuak bere ministerioan izan duen askatasunaren isla''. Arratsaldean eskaini duen prentsaurrekoan, bestalde, hurrengo aita santua ''garaiarekin eta egungo erronkekin bat datorrena izatea'' espero duela gaineratu du.
Francisco Perez Gonzalez Iruñeko eta Tuterako artzapezpikuaren hitzetan, bestalde, aita santu ''miresgarria'' izan da Benedikto XVI.a, ''jakituria handia eta eliza gidatzeko buru-argitasuna erakutsi baititu''.
Halaber, zerbitzu "baliotsuak" eskaini izana eskertu dio Miguel Asurmendi Gasteizko gotzainak Benedikto XVI.ari. Asurmendiren hitzetan, aita santuak zereginari uko egin izanak "Eliza gobernatzeko betebeharrak egungo egoerara" moldatzen jakin duela erakusten du.
Nazioarteko agintariek ere ustekabea eta errespetua adierazi dute.
Mario Monti Italiako lehen ministroak azaldu duenez, Benedikto XVI.ak bere ministerioari uko egitea erabaki izanak "aztoratu" egin du. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, berriz, urteetan egindako lana eskertu dio aita santuari.
David Cameron Britainia Handiko lehen ministroaren hitzetan, ''milioika lagunek botako dute faltan'' Benedikto XVI.a, eta François Hollande Frantziako presidentearen hitzetan, berriz, ''errespetagarria'' da erabakia.
Ildo horretan, Jose Manuel Garcia Margallo Kanpo Arazoetarako ministroak ere aita santuaren erabakia babestu du eta Espainiara egin dituen bisitak eskertu dizkio Benedikto XVI.ari.