Gizartea -

Herritarren galderak

Arartekoa: 'Erakundeek gehiago egin dezakete etxegabetzeak ekiditeko'

Iñigo Lamarca 'Euskadi Galdezka' saioan izan da. 30 herritarrek egindako galderei erantzun die, tartean etxegabetzeen, ustelkeriaren, langabeziaren eta haur lapurtuen ingurukoak.

Iñigo Lamarca ''Euskadi Galdezka'' saioan. Argazkia: EITB
Iñigo Lamarca ''Euskadi Galdezka'' saioan
'Zein da zure funtzioa kaleratuak babesteko?' Arartekoak du erantzuna

5:17

E.A.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxegabetzeen arazoa herritarren artean kezka nagusietako bat dela baieztatzeko aukera izan du Iñigo Lamarca arartekoak asteazken honetan ETB1-eko ''Euskadi Galdezka'' saio berrian. 30 herritarrek galderak helarazi dizkiote zuzenean Lamarcari, eta behin baino gehiagotan mahai gainean jarri duten arazoa izan da kaleratzeena.

Gai horren inguruan Lamarcak esan du erakundeek gehiago egin dezaketela bankuei presioa egiteko kaleratzeak ekidin ditzaten. Arartekoak azaldu duenez, agintariek legeak aldatu eta zorroztu behar dituzte, eta, horren harira, Estatu mailako hipoteken legea aldatzea beharrezko ikusten du. ''Giltza nagusia Madrileko legean dago'', azpimarratu du behin baino gehiagotan. ''Aldaketa sakona behar du legeak; premiazkoa da'', esan du, eta Estatu mailako ''defentsoreekin'' batera eskaera egin dutela berretsi du. ''Badakigu zer egin behar den eta hori ari gara zabaltzen'', gaineratu du.

EAEn bitartekaritza zerbitzua sortzeko eta indartzeko eskatu dutela adierazi du, eta epaileekin bilerak egin eta proposamenak aurkeztu dituztela azaldu du. Irtenbideak egon badaudela uste du arartekoak, baina finantza erakundeen borondatea ere behar dela esan du; eta, beraz, ''benetako konpromisoa'' izatera deitu ditu.

Ustelkeria kasuek eragindako kezka ere helarazi diote herritarrek, eta, horri ''gogor'' eraso egin behar zaiola esan du Lamarcak. Arartekoaren hitzetan, gainera, ''oso kezkagarria'' da agintari guztiak ustelak izan daitezkeela zabaltzea.

Langabeziaz ere hitz egin du herritarrekin. ''Krisiak guztiok hartu gaitu erantzun egokiak ezin emanik'', esan du Lamarcak. ''Erakunde guztiok eta herritar guztiok barneratu behar dugu gure erronka nagusia langabezia dela'', esan du.

Ume lapurtuen gaiaren inguruan, berriz, Lamarcak aitortu du ez direla oso eraginkorrak izan. ''Aurrerapausoak egin dira, baina ez nahikoak'', esan du.

Herritarrekin bat egin du esaten Lanbidek oso gaizki funtzionatu duela eta funtzionatzen duela, eta, horri aurre egiteko neurri zehatzak proposatu dituztela esan du Lamarcak. ''Ez da zaila egin behar den hori. Itxaropentsu nago'', gaineratu du.

Iñigo Cabacasen eta Xuban Nafarrateren kasuetan ez duela Administrazioaren kolaboraziorik izan salatu du, eta ''frustrazio puntu bat'' ere baduela aitortu du. Sail berriarekin, edonola ere, esperantza duela esan du.

Erronka gehiago ere aipatu ditu, tartean euskal hiztunen eskubideak bermatzeko, eta, ildo horretan, hainbat ''beltzgune'' aipatu ditu, besteak beste ''Ertzaintza, Osakidetza, Justizia eta Administrazio periferikoa''.

Hondakinen kudeaketaz eta atez atekoaz galdetuta, ''prozedura egokia izan ote den baloratu behar dugu, ez erabakia egokia den'', esan du. ''Beraz, atez atekoa ezartzeko prozesuan herritarren parte hartzeko eskubidea betetzen ari ote diren ari gara aztertzen'', azaldu du.

Arartekoaren soldata

Arartekoak behar baino soldata handiagoa ote duen galdetuta, berriz, Iñigo Lamarcak zehatz-mehatz jarri du mahai gainean bere soldata: 86.900 euro urtean, ''sailburuek jasotzen dutena''.

Iaz aparteko soldatari uko egin ziola azaldu Lamarcak, eta, horren hitzetan, ''funtzionarioek duten soldatarekiko proportzionala da'' berea.

Lamarcaren ustez, bere soldata kaleratu izanaren atzean ''Estatu mailan 'defentsore' bakarra uztea'' dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ukraina-Errusia gerrak eragindako krisia EAE Ararteko albisteak Etxegabetzeak gaur Gizartea bideoak Euskal Herriko telebista Etxebizitza