Gizartea -
Minbiziaren kontrako ikerketa
Donostiako Onkologikoak ikerkuntza klinikoaren aldeko apustua egin du
'Ikerkuntza klinikoa garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak ditu zentroak', zuzendaritzaren arabera.
Krisi ekonomiko garaian, Donostiako Onkologikoak ikerkuntza klinikoaren aldeko apustua egitea erabaki du, "hori baita bikaintasuna lortzeko bidea".
Gaur goizean prentsaurrekoa eskaini dute Donostiako Onkologikoko arduradunek eta bertan izan dira Almudena Moreno Onkologikoko ordezkari nagusia, Maria Jesus Mitxelena medikuntza alorreko zuzendaria, Ander Urrutikoetxea zientzia alorreko zuzendaria, Manuel Hidalgo onkologiako aholkularien taldeko burua, eta Carlos Ruiz Kutxako Gizarte Ekintzako zuzendaria.
Almudena Morenok azaldu duenez, helburu berriak lortu nahi dituzte, eta ikerkuntza klinikoa garatzeko beharrezkoak diren bitartekoak badituztela nabarmendu du.
Helburu horiek lortzeko asmoarekin sortu dute ikerketa programa berri bat. Horren baitan, Terapia Aurreratuen Gune bat sortu dute, terapia berritzaileak ezarriko dituena. Halaber, entsegu klinikoak egingo dituzte, eta gaixo bakoitzari sendagai pertsonalizatuak emango dizkiete, bakoitzaren profilaren arabera.
Egitura berri horrekin, minbizia duten gaixoek tratamendu berriak jasotzeko aukera izango dute, Morenoren arabera. "Oraindik sendatu ezin daitezkeen minbizia mota asko daude, eta horrek bultzatzen gaitu lanean jarraitzera", adierazi du Ander Urrutikoetxeak. Halaber, "hipotesi berriak egingo dituzten zientzialariak behar dira".
Entsegu klinikoen kopurua nabarmen haziko da Donostiako Onkologikoan; izan ere, aurrerantzean gaixo guztiak izango dira ikerketan parte hartzeko hautagai, eta ez, orain arte bezala, gaitza oso zabalduta zutenak bakarrik.
Zientzia alorreko zuzendariak nabarmendu duenez, Donostiako Onkologikoa nazioarteko erreferentzia izatea nahi dute. Aholkulari talde bat sortu dute, Hidalgo medikua buru dutela, eta, horren hitzetan, bide horretan "aurrerapausoak emateko gaia badago".