Gizartea -

Olatuak

Abisu horia oraindik ere Euskadin, 'Jolle' ziklogenesia igaro ondoren

Euskal kostaldeko herrietan neurriak hartu dituzte ziklogenesiari aurre egiteko. Olatuak ikusgarriak izan dira, baina ez dute arazorik sortu.

Denboralea espero da kostaldean, 5 metrotik gorako olatuekin.
Denboralea espero da kostaldean, 5 metrotik gorako olatuekin.
'Jolle' ziklogenesi leherkorra gure kostatik urrun pasa da

2:27

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

'Jolle' ziklogenesi leherkorra euskal kostaldetik urrun igaro da. Itsasertzeko herriek neurriak hartu dituzte astelehen honetan iritsi den ziklogenesiari eta olatu handiei aurre egin ahal izateko, eta alerta laranja egon da indarrean. Itsaso zakarra eta olatu handiak ikusi ditugu, baina ez da egon aparteko arazorik.

Dagoeneko zertxobait baretu da giroa eta abisu horia jarri dute indarrean. Hala, astearte goizaldean abisu horiari eutsiko diote, haizete handiak espero baitira kostan eta mendialdean. Eguerdian, aldiz, txikitu egingo dira olatuak, eta 3,5 metrora iritsiko dira.

Barnealdean, bestalde, izotza espero dute.

Eguraldiaren iragarpena

Asteartean, giro eguzkitsua izango dugu, eta tenperatura leunak. Zeruan agertuko diren goi-hodei finek apenas egingo dioten enbarazurik eguzkiari. Giro ederrean eta hegoaldeko haizearen laguntzarekin, eguraldia zertxobait hobetuko da eta eguneko beroenak 15-18 ºC artean geldituko dira.

Egunsentia, ordea, hotza izango da eta Araba eta Nafarroako hainbat txokotan izotza egongo da eta behe-lainoa sortuko da.

Olatu handiak bai, baina arazorik ez

Euskal kostaldeko herriek neurriak hartu dituzte astelehen honetan iritsi diren ziklogenesiari eta olatu handiei aurre egin ahal izateko, baina Jolle izeneko ziklogenesiak ez du euriterik ekarri eta ez du aparteko arazorik eragin kostaldean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Getxoko Herri Babeserako Sailak zenbait gune itxi egin ditu, zehazki, Arriluzetik Itsasargira doan pasealekua, Ereagako sarrerak eta Portu Zaharreko ingurua. Udaltzaingoak gune horiek zaindu ditu eta kostaldetik ez ibiltzeko gomendioa eman du, baita Portu Zaharrean aparkatutako ibilgailuak kentzekoa ere.

Donostian ere, ohikoa den legez, Pasealeku Berria itxita egon da, badaezpadako neurri gisa.

Olatu handien aurreko aholkuak

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak aparte dauden hondartzetan eta olatu handiak izan ohi diren lekuetan uretan ez sartzeko aholkua eman du.

Gainera, itsaso ondoko pasealekuetara, kai-muturretara eta itsaslabarretara ez gerturatzeko deia egin dute, olatu handiek edo haizeak jendea uretara bota dezakeelako.

Kostatik gertu dauden errepideetan ez gidatzeko, itsasoko kirolak bertan behera uzteko, txaluparik ez erabiltzeko eta ontziak ondo lotuta daudela ziurtatzeko deia egin du.

Segurtasun Sailak, gainera, kai barruan kontuz ibiltzea eskatu du, olatuen ondorioz tirain handia egongo baitira.

Nafarroa: errepideak itxita

Elurra dela-eta hainbat egunetan itxita egon ondoren, berriz ireki dute Burgi Isabarekin lotzen duen NA-137 errepidea.

Izan ere, Nafarroako bederatzi errepidek itxita jarraitu dute astelehen honetan, elurragatik, euriteengatik eta haizeteagatik. Bederatzi horietatik zazpitan zirkulazioa etenda zegoen eta beste bietan galtzada estutu egin dute (N-135, Iruñea eta Frantzia artean, 23. kilometroan; eta NA-2012 errepideko lehen kilometroan).

Denboralearen ondorioz itxita zeuden N-113 errepidea Iruñea eta Madril artekoa, 75. kilometroan, eta Lizarra eta Olazagutia arteko NA-718 errepidearen 38. kilometroa ere itxita dago luzi batengatik.

Gainera, elurtearen ondorioz ondorengo errepideak itxita daude: NA-2012a, 8. kilometrorik aurrera, NA-137 errepidea 47. kilometrotik aurrera, NA-2000 errepidea 1. kilometrotik eta NA-2011 6. kilometrotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea