Gizartea -
Noos auzia
Infanten idazkariak errugabetzat jo du bere burua
Bestalde, Carlos Garcia Revenga idazkariari aholkua eskatzen zitzaiola esan du Diego Torresek epaileari helarazitako testu batean.
Erredakzioa
Carlos Garcia Revenga Elena eta Cristina Infanten idazkariak errugabetzat jo du bere burua Noos auzian, eta epaile instruktorearen aurrean deklaratzea eskatuko duela iragarri du.
"Nire errugabetasuna aitortzen dut auzi honetan ikertzen diren jarduerei dagokienez", nabarmendu du Garcia Revenga Noos Institutuko diruzain ohiak ohar batean, hainbat komunikabidetan zabaldutako "albisteen eta interpretazioen" aurrean, Jose Castro Mallorcako epailea eramaten ari den auziaren gertaeren harira.
"Noos Institutuko diruzaina izan banintzen ere, inoiz ez nuen haien konktuetan sinatutako baimenik izan, ezta botererik kudeaketan ere, eta, inolaz ere, era zuzenean edo eze zenean, ez dut jaso ordainsaririk edota mozkinik", azaldu du.
"Egia da Elena eta Cristina Infanten aholkularia izateagatik, batzuetan, nire karguko kudeaketak Palmako Dukeen jarduera pribatuekin zerikusia izan dezaketenekin nahastu izan ahal ditudala", adierazi du Garcia Revengak.
Infanten idazkariari "dena galdetzen zitzaion", Torresen hitzetan
Bestalde, Iñaki Urdangarinek Noos Institutuan hartzen zituen erabaki ''guztiak'' aldez aurretik Carlos Garcia Revenga infanten idazkariari ''galdetu'' egiten zizkiola argituz idatzi bat helarazi dio Diego Torresek auzia ikertzen duen epaileari.
Berme zibila atzera botatzeko aurkeztutako alegazioetan, Noos Institutuan arduera exekutiborik ez zuela argudiatu zuen Urdangarinek, baina alegazio horietan ''gezurra'' esatea leporatu dio Torresek Palmako dukeari. Izan ere, Torresen hitzetan, ''Iñaki Urdangarinen ingurukoek'' zuten gehiengoa Noos Institutuan.
Institutua sortu zutenean, Torresen arabera, Carlos Garcia Revenga infanten idazkaria diruzain izendatu zuten eta horri aldez aurretik ''dena galdetzen'' zitzaion.
Hori frogatzeko, hainbat dokumentu helarazi dizkio epaileari, tartean zenbait mezu elektroniko. Bertan, agerian gelditzen da Urdangarinek orain arte aitortu duena baino erabakitzeko ahalmen handiagoa zuela, Torresen ustez.
Otsailaren 23an deitu du epaileak deklaratzera Urdangarin.