Gizartea -
Zozketa
Hirugarren saria: 64.084
Oso sari banatua izan da eta besteak beste, Donostian, Tafallan eta Ondarroan saldu da. Azken herri honetan, zenbakia kirol elkarte batek erosi du eta herriko hainbat tabernatan saldu ditu dezimotan.
Erredakzioa
64.084 zenbakiari dagokio Gabonetako Loteriaren hirugarren zenbakia. Donostian, Ondarroan eta Tafallan saldu dute sariaren zati bat.
Ondarroan, 12,5 milioi euro
Ondarroan, Iñaki Deuna kaleko lehenengo administrazioak banatu du saria. Denera, 12,5 milioi euro banatu dira. Aitor Arrizabalaga bertako jabeak azaldu duenez, 250 dezimo saldu dira. Hasiera batean 45 serie jaso zituen arren, 20 saldu gabe gelditu zirela adierazi du eta hortaz, bueltatu egin zituen.
Egia Iriondo kirol elkarteak eskatu zuen zenbakia. Gabonetan krosa antolatzen du eta dozena erdi tabernatan banatu dituzte dezimoak.
Horregatik, saridunak herriko bizilagunak dira. "Denak ezagunak gara, 9.000 lagun bizi baikara hemen eta saritutako batzuk jada hona etorri dira lehen xanpain botilak irekitzera", esan du administrazioko jabeak.
550.000 euro, Donostiara
Donostian 64.084 zenbakiko hamaika dezimo saldu dira. Serie oso bat Bergara kaleko administrazioan saldu da eta saltzaileak hunkituta azaldu dira. Malkoei ezin eutsi zeudela, dezimoka saldu direla adierazi dute.
Bestalde, Martuteneko Trinkete tabernak ere zenbaki hau duen dezimo bat saldu du
500.000 euro, Tafallan
Halaber, zenbaki honek 500.000 euro utzi ditu Tafallan; izan ere, hamar dezimo saldu dira Kale Nagusiko lehen administrazioan.
Saria oso banatuta dago eta Albacetera, Badajozera, Bartzelonara eta Asturiasera ere joan da, besteak beste.
Irabazleek, 500.000 euro seriean eta 50.000 euro dezimoko jasoko dituzte.
Zenbakiak bilatu eitb.com-eko loteria-bilatzailean.