Gizartea -
Eusko Jaurlaritzaren txostena
Euskadin 157.000 pertsona baino gehiago bizi dira pobreziaren atarian
Populazioaren % 7,3ak ez du oinarrizko beharrak asetzeko adina diru sarrerarik. Horien kopurua % 78 igo da 2008tik hona.
Erredakzioa
EAEn 157.600 pertsona inguru (populazioaren % 7,3) bizi dira pobreziaren atarian. Horien kopurua % 78 igo da krisia hasi zenetik.
Horrela dio Eusko Jaurlaritzaren Pobreziaren eta Ezberdintasun Sozialen 2012ko inkestak. ELA sindikatuak prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean Bilbon, pobreziaren gaineko txostena aztertzeko. ELAren iritziz, geroz eta pertsona gehiagok bizi dute egoera “dramatikoa” eta “jasanezina” Euskadin, ikaragarri hazi baita pobrezia azken urteetan.
Txostenak dioenaren arabera, 157.686 pertsonek (populazioaren % 7,3) ez dute oinarrizko beharrak asetzeko nahikoa diru-sarrerarik. Zenbateko hori azken 25 urteotako altuena da.
ELAk nabarmendu duenez, gurasoen etxea utzi eta beren kabuz bizi nahi dute 100.000 pertsona inguruk, baina ezin dute baliabide ekonomikorik ez dutelako. Europar Batasunaz kanpoko atzerritarrek, guraso bakarreko familiek edota lanpostu egonkorrik gabeko etxeetan pairatzen duten gehien pobrezia.
Sindikatu abertzalearen arabera, pobreziaren eta ezberdintasun sozialen hazkundea etetea ez da politikarien lehentasuna; izan ere, orain arte hartu dituzten neurrien ondorioz, “langabezia, pobrezia eta ezberdintasun sozialak hazi egin dira”.
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak murrizketak non egingo dituen galdetu dio Iñigo Urkulluri. Muñozen iritziz, bestelako politika bat egitea posible da.