Gizartea -

Tasa judizialak

Euskadiko epaileek doako justiziaren aldeko aldarria egin dute Bilbon

Epaileak, fiskalak eta idazkariak eta gizarte alorreko erakundeak elkartu dira Bilbon, Mariano Rajoyren gobernuari tasa judizialen legea bertan behera uztea eskatzeko.

Tasa judizialen aurkako protesta ekitaldia Bilbon. Argazkia: EFE
Tasa judizialen aurkako protesta ekitaldia Bilbon. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Justizia alorreko langileek (epaileek, fiskalek eta idazkariek, besteak beste), sindikatuek eta gizarte erakundeek protesta egin dute gaur Bilbon, Espainiako Gobernuari tasa judizialen legea bertan behera uzteko eskatzeko. Horien hitzetan, “diktadura garaira bueltatzea litzateke”. Halaber, Bilbon bildu direnen arabera, “doako justizia demokraziaren garaipena izan zen”.

Bilboko Justizia Jauregiaren aurrean ehun pertsona inguru elkartu dira gaur, zerbitzu publikoak mantentzearen alde. Kontzentrazioan doako justiziaren aldeko idatzia irakurri dute.

Kontzentrazioan izan dira, besteak beste, Alfonso Gonzalez-Guija Bilboko epaile dekanoa, Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusia, Unai Sordo eta Damaso Casaso CCOO eta UGT sindikatuetako idazkari nagusiak.

Gobernuak onartutako justizia erreforma salatu dute Edmundo Rodriguez Achutegui Arabako Auzitegiko epaile eta Demokraziarako Epaileak elkarteko koordinatzaileak irakurri duen ohar batean. Erreformak "justiziaren kostua era onartezinean areagotu du", eta azken hau "ez da luxua, Konstituzioak dakarren eskubide unibertsala baizik", ekarri du gogora.

Lege berriak "denentzako berdina den justizia demokratikoarekin" amaitu nahi duela diote eta "euren eskubideak aldarrikatzeko Justiziara jo nahi dutenei asmoa kentzeko" tasa dela kritikatu dute.

Horren hitzetan, epaitegietako “saturazioa” konpontzeko bidea ez da tasa judizialak ezartzea, Justizia administrazioari bitarteko gehiago ematea baizik. Gaineratu duenez, gisa horretako legeen helburua gizarte soziala deuseztea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea