Gizartea -
Lekukoak deklaratzen hasi dira
Iñigo Cabacas hil zuen tiroaren egileak lekuko izatea salatu dute
Basauriko gaztearen aldeko plataformak gertakarietan parte hartu zuten ertzainak "inputatu" izan ordez "lekuko" izatea deitoratu dute Basauriko gaztearen aldeko plataformaren bozeramaileek.
Erredakzioa
"Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu" plataformak gaur egun Euskadin dagoen polizia eredua "aldatzea" eskatu dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburu berriari. Gainera, gertakarietan parte hartu zuten ertzainak "inputatu" izan ordez "lekuko" izatea deitoratu dute Basauriko gaztearen aldeko plataformaren bozeramaileek.
Bilboko epaitegietako atarian eskaini duten prentsaurreko batean, plataformako bozeramaileak, Urtzi Ugalde eta Paula Castro, "txundituta" azaldu dira Rodolfo Aresek "ardura saihestu duelako", eta Eusko Jaurlaritza berriari "arma berriak sortzeko eta herriaren aurka erabiltzeko" akatsa ez egitea eta Europar Batasunaren "legedia" betetzea ere eskatu diote.
Ugaldek esan duenez, Aresek "bere hitza jan du" barne ikerketan gertatutakoari buruz ez baitu ezer azaldu. "Arartekoak eta jendeak behintzat ez daki ezer", esan du.
Auzi horri buruz, epaiketaren aurretik egin beharreko fase batean dagoela eta hainbat lekukok, eta gertakarietan parte hartu zuten ertzainek, deklaratu behar dutela adierazi dute.
Horrez gain, ikerketan "parte hartzea" eta "denen artean polizia eredu berri bat sortzeko eztabaida mekanismoak" egitea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari; izan ere, gaur egun dagoenak "ez du merezi", eta "min gehiago besterik ez du sortzen".
Cabacasen heriotzaren urteurrenerako omenaldi bat prestatu nahi du Iñigo Gogoan taldeak, eta batzar irekia antolatu du horretarako. Urtarrilaren 17an egingo dute bilera, 19:00etan, Bilboko Ekoetxean, eta bertan parte hartzeko gonbita egin die horretan interesa duten pertsona eta kolektibo guztiei.