Gizartea -
Elkarretaratzea Bilbon
Cabacasen familia:'Ezin dugu gertatutakoa ahaztu ezta justifikatu ere'
Gurasoek, familiakoek eta lagunek elkarretaratzea egin dute, beste 200 pertsonarekin batera, Iñigo Cabacas hil zutela zortzi hilabete bete diren egunean.
Erredakzioa
Iñigo Cabacasen familiakoek eta lagunek "justizia" exijitu dute Bilbon egindako elkarretaratzean. Cabacas duela zortzi hilabete hil zuen Ertzaintzak pilotakada batez.
Elkarretaratzean 200 pertsona inguru bildu dira, Iñigoren gurasoak, familiakoak eta lagunaki barne. Guztiek bost minutuko isilunea egin dute hildako gaztearen omenez.
Elkarretaratzea Indautxu auzoko herriko tabernaren ondoan egin dute, Cabacas apirilaren 5ean, Athleticen partida baten osteko istiluetan, zauritu zuten lekuan bertan.
28 urteko gazteak lau egun eman zituen koman eta apirilaren 9an hil zen, Basurtuko Ospitalean, gomazko pilotak buruan eragindako kalte handien ondorioz.
"Justizia eskatzen jarraitzen dugu eta apirilaren 5ean Iñigo zauritu zuten pertsona edo pertsonak justiziaren zigorra jasan dezatela aldarrikatu nahi dugu", esan dute Cabacasen familiakoek eta lagunek elkarretaratzearen amaieran irakurritako adierazpenean.
"Gehiegikeria"
"Ezin dugu gertatutakoa ahaztu, ezta justifikatu ere" eta "ezin dugu Ertzaintza gehiegikerietan aritzea utzi, neurririk gabe, bere lana jendea babestea delako", gaineratu dute.
Herrizaingo Sailak barne-ikerketa bat abian jarri zuen Cabacasen heriotza argitzeko baina gero bertan behera utzi zuen, prozesu judiziala martxan jarri zenean. Prozesua Bilboko 10. epaitegiak darama.