Etxegabetzeak -
Kaleratzeak Stop Gipuzkoa
Ertzaintzak 'escrache' bat galarazi du PPko diputatu baten bulegoan
Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuak Donostian duen bulegotik 300 metro baino gutxiagora gerturatzeko debekua ezarri dio Ertzaintzak elkarteari. Eskutitz bat helarazi nahi zioten Azpirozi.
Erredakzioa
Kaleratzeak Stop elkarteak Donostian, Jose Eugenio Azpiroz PPko diputatuaren bulego aurrean, deitutako 'escrache'aren baimena bertan behera utziz ebazpena kaleratu du arratsaldean bertan Ertzaintzak, politikariaren eta haren familiaren ''osotasun moralaren kontrako erasoa'' dela iritzita. Hala, PPko diputatuak Donostian duen bulegotik 300 metro baino gutxiagora gerturatzeko debekua ezarri dio Ertzaintzak elkarteari.
Mikel Sanchez Kaleratzeak Stop Gipuzkoa elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, ekintza abiatu baino bi ordu lehenago jaso dute jakinarazpena. 18:00etarako deituta zuten 'escrache'a Donostian, etxegabetzeen kontra bildutako 1.402.854 sinadurak gogora ekartzeko.
Ebazpenak azpimarratzen duenez, Azpirozen bulego pribatua eta etxebizitza oso gertu daude, eta ''biak daude diputatuaren jarduera publiko eta politikotik bereizita''. Beraz, ebazpenaren arabera, ''diputatuaren, haren familiaren eta haren lan esparruko gertukoenen osotasun moralaren kontrako erasoa'' da deitutako ekintza.
Postontzira hurbiltzea lortu dute
Sanchezek azaldu duenez, jakin bazekiten PPk kideak bulegoa Amara auzoan zuela, baina ez zekiten etxebizitza ere bertan zuela. Edonola ere, identikatutako elkarteko bi kideri diputatuaren postontzira hurbiltzeko baimena eman diete, bertan eskutitza uzteko.
"Escracheak kriminalizatu nahi dituzte''
Sanchesek iragarri duenez, Ertzaintzaren ebazpenaren kontra helegitea jartzeko asmoa dute, eta, arrazoia ematen baldin badiete, berriz ere deituko dute ekintza.
Kaleratzeak Stop Gipuzkoa elkarteko kidearen ustez, azken egunotan "escracheak kriminalizatzeko asmoa'' ari da geratzen agerian, baina, Sanchezen hitzetan, ''benetan immorala dena milaka lagun beren etxebizitzetatik kanporatzea da''.