Etxegabetzeak -

Bizkaiko Kaleratzeak Stop

Bilboko lehen 'escrachea' PPren egoitzaren aurrean egingo dute

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteko bozeramaileak ez du zehaztu lehen "escrache" hau noiz egingo duten, baina ez dutela indarkeriarik erabiliko nabarmendu du.

Kaleratzeak Stop elkarteko kideak. EFE
Kaleratzeak Stop elkarteko kideak.
PP 'Kaleratzeak Stop' plataformaren aurka egiten ari den kanpaina salatu dute

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteak lehen escrache-a egingo du Bilbon, PPren egoitzaren aurrean, hain zuzen. Halaber, Legebiltzarraren aurrean beste bat egingo dutela iragarri du.

Sestaon eman duten prentsaurrekoan bozeramaileak esan duenez, escrache-ak indarkeriarik gabe izango dira.

Lehengo astean jada iragarri zuen Antonio Basagoiti EAEko PPren presidentearen eta Leopoldo Barreda PPko diputatuaren aurka protestak egingo zituztela, etxegabetzeen aurrean alderdiak duen jarrera salatzeko.

Hala ere, Marta Uriarte elkarteko bozeramaileak esan duenez, "ez gara inoiz Basagoitiren edota beste inoren etxera joango".

Bestalde, Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariaren adierazpenengatik epaitegietara joko dutela iragarri du; izan ere, "ETAko taldeekin lotu zituen".

Atzera egiteko eskatu ziotela ekarri du gogora, baina barkamenik eskatu ezean, Bizkaiko Kaleratzeak Stop elkarteko abokatuak "bide zibiletik joatea edo kode penalera jotzea" aztertzen ari direla azaldu du.

Ez dute Sestaoko bulegoa itxiko

Sestaoko Udalak utzitako bulegoa itxiko zutela iragarri bazuten ere, gaur eman duten prentsaurrekoan, azkenean itxiko ez dutela zehaztu dute. Uriartek esan dutenez, hilaren 15etik aurrera, goizetan soilik funtzionatuko dute, ezin baitiete telefono eta internet tarifei aurre egin.

Udalarekin harremanetan egon direla esan du eta jarrera ona azaldu dutela gaineratu du bulegoaren gastuei aurre egiteko orduan. Horren iritziz, "Udalarentzat ez da ezer 150 euro horrelako zerbitzu bati eskaintzea".

Egun, bulegoan 16 udalerritako 56 txostenen kasuetan lanean ari direla esan du, eta herri horietako Udaletara joko dutela adierazi du etxegabetzeen aurrean protokolo bat proposatzeko.

Azkenik, Bizkaian beste bi bulego irekiko dituztela nabarmendu du, bata Getxon, Erromoko gaztetxeak utzita, eta bestea Berangon, Udalak utzitako bulegoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea