Etxegabetzeak -
Aldaketak nahi dituzte
Stop Kaleratzeak taldeak 'konpromisoa' eskatu die erakunde eta bankuei
Kolektiboak manifestazioa deitu du larunbaterako Donostian, etxegabetzeak salatzeko.
Erredakzioa
Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak manifestazioa deitu du larunbaterako Donostian. Helburu garbia du aipaturiko deialdiak: erakundeei, bankuei eta alderdi politikoei etxegabetzeen gaian “konpromiso zehatzak” hartzeko eskatzea.
Ane Martin Stop Kaleratzeak taldeko bozeramaileak iragarri du larunbateko manifestazioa, gaur goizean Donostiako Boulevard Zumardian kolektiboak eskaini duen prentsaurrekoan.
Agerraldian ohar bat irakurri du Ane Martin Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeko kideak. Elkarteak salatu duenez, Amaia Egañak bere buruaz beste egin zuenetik denbora igaro bada ere, “Gobernuak ez du Hipoteken Legea aldatu eta bankuek hipotekak betearazten jarraitzen dute”. Halaber, azken asteetan “etxebizitzen enkante kopuruak gora egin du”, gaineratu du. Horren hitzetan, bi arrazoi daude horretarako: “finantza erakundeak kontuak berdindu nahian dabiltza eta beren esku dituzten etxebizitzak banku txarraren esku utzi nahi dituzte”.
Mariano Rajoyren Gobernuak etxegabetzeen arazoa pairatzeko hartutako neurriak “iraingarriak dira eta ez dute eraginkortasunik” kolektiboaren arabera. “Ez dituzte ez enkanteak, ezta kaleratzeak geldiarazi, eta Hipoteken Legea indarrean dago oraindik”, gaineratu du.
Kutxabanken jarrera ere salatu dute, izan ere, Stop Kaleratzeak taldearen iritziz “ez du hilabete hauetan hartutako konpromiso bat bera ere bete: ez du Espainiako Gobernuak onartutako dekretua aplikatu, ez du kaleratzerik geldiarazi Amaia Egañaren heriotzaren ondotik, eta kaleratzeko arriskuan dauden bezeroei ez die konponbiderik eskaintzen”.
Arrazoi horiek guztiak tarteko hainbat eskari egin ditu Stop Kaleratzeak taldeak: kaleratzeen aurkako herri ekimena onartzeko alderdi politikoei, etxebizitza politika berria ezartzeko Eusko Jaurlaritza berriari, herritarrak beren etxeetatik kaleratzen dituzten finantza erakundeekin lanik ez egiteko Udalei, bere politika aldatzeko Kutxabanki eta herritarrei egoera horren aurrean borrokan jarraitzeko.