Iñigo Cabacas -
Cabacas auzia
Cabacas familia: 'Erabakia hartu dute; gure interesen aurkakoa da'
Iñigo Cabacasen gurasoek elkarretaratzea egin dute Bilboko epaitegien aurrean, justizia eskatzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Cabacas sendiak adierazi duenaren arabera, Iñigo Cabacas semearen auzia bideratzen ari den Bizkaiko Auzitegiak hartu du erabakia dagoeneko eta familiaren interesen aurkakoa da. "Ezagutzen dituzten zenbait epailek eta justizia-administrazioko langilek" eman diela informazioa esan dute.
Joan den apirilean familiak helegitea aurkeztu zuen, instrukzio-epaileak Jone Goirizelaia abokatuak eskatutako froga baztertu ostean. Epaitegiko aretoa gaur zen biltzekoa helegite horren inguruan erabakitzeko. Iñigo Cabacasen gurasoak Bilboko epaitegien atarian bildu dira justizia eskatzeko.
Gainera, "frogari erabat uko egin eta gero, prozedura bertan behera utzi dutela" aurreratu omen diete.
Kezka agertu dute azken bost hilabeteotan eta instrukzio-epea amaitzeko hilabete geratzen dela, "ezer" ez dutelako egin.
Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean hil zen, Ertzaintzaren gomazko pilotakada baten ondorioz. San Mames futbol-zelaiaren inguruko kale batean gertatu zen, Athletic eta Schalke 04 taldeek jokatutako partidaren ostean.
Manuel Cabacasek, Iñigoren aitak, egonezina erakutsi du gaurko agerraldian. Izan ere, helegitea baztertzeaz gain, epaiketaren gastuak ordaintzera behartu zituen areto berak hartuko du erabakia, "kasualitatez".
Halaber, eskatutako froga onartzea "oso garrantzitsua" dela berretsi du, semearen heriotza argitzeko. "Operatibo haren arduradun nagusiak ikertzeari" ezinbestekoa deritzo.
"Iñigoren ama eta aita gisa, guztiz lur jota gaude. Ezin dugu ulertu Poliziak XXI. mendean pertsona bat hiltzea Athleticen partida batean, eta ardura argitu nahi ez izatea. Ez ditugu inpunitatearen arrazoiak ulertzen", adierazi du.