Iñigo Cabacas -

Laugarren urteurrena

'Beste biktimei' emandako tratu bera eskatu dute Cabacasen gurasoek

Ez dute uste auzia epaitegietan amaitutzat emango dutenik, baina espero dute "erantzuleen jarrera zuritzeko epaiketa faltsurik ez izatea".

Iñigoren gurasoak, gaur Bilbon izandako omenaldian. Argazkia: EiTB
Iñigoren gurasoak, gaur Bilbon izandako omenaldian. Argazkia: EiTB
Iñigo Cabacas omendu dute, heriotzaren laugarren urteurrenean

1:34

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2012ko apirilean Athletic eta Schalke 04 taldeen arteko partidaren ostean Bilbon izandako liskarretan, Ertzaintzak botatako pilota batek jota hil zen orain dela lau urte Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailea, eta hura omentzeko bildu dira larunbat honetan ehunka lagun Maria Diaz de Haro kalean, Bilbon.

Kirola eta kultura arloko hainbat ordezkariren elkartasun mezuak irakurri dituzte ekitaldi horretan, tartean, Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarkide ohia, Mikel Urdangarin musikaria, Onintza Enbeita EH Bilduren legebiltzarkidea eta bertsolaria, eta Igor Anton txirrindularia.

Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu Iñigoren gurasoek ere agiria irakurri dute, eta azken lau urteak "borroka garaia" izan direla aitortu dute, Iñigoren heriotza "zigorrik gabe ez gera dezan, haren memoria gordetzeko eta horrelakorik berriro gerta ez dadin".

Egia, aitorpena eta miresmena

Halaber, haren semearen heriotza "istripua" izan zela diotenei "gezurrekin eta manipulazioekin kutsatu nahi izana" leporatu diete. "Erraustu beharrean, haren gorpua lurperatu behar izan genuen, bigarren autopsia bat eskatu behar izatearen beldur ginelako".

Gainera, Eusko Legebiltzarrean ikerketa-batzordea sortzeko aukera bertan behera geratu izana kritikatu dute, baita "epaileak egindako informazio-eskaerari Segurtasun Sailak birritan muzin egitea" ere.

Gomazko pilota baten ondorioz Iñigo hil izanak "guztiongan du eragina, baita Ertzaintzarengan eta buruzagi polizialengan eta politikoengan". "Haiek hartutako erabakien eta jarreren ondorioa da jazotakoa. Baita beste alde batera begiratzearena ere", adierazi dute gaztearen gurasoek.

Manu Cabacasek ohartarazi duenez, erantzuleek azaldu behar dute zergaitik ez dituzten jazotakoaren erantzukizunak haien gain hartu. "Urkulluk duela hilabete egindako galderak gureak egin nahi ditugu. Iñigo hiltzea txarto egon zela esatea hain zaila da? Hemen bertan duela lau urte egindakoa txarto egon zela esatea hain zaila da? Hain zaila da ulertzea guk ere egia, aitorpena eta miresmena behar dugula?", galdetu dio bere buruari.

Epaiketa

Halaber, Manu Cabacasek aitortu duenez, "dirudienez", instrukzio-fasea amaitzear dago eta, haren iritzian, "elementu nahiko daude epaiketa egiteko".

"Ez dugu uste auzia artxibatuko dutenik, eta espero dugu erantzuleen jarrera zuritzeko epaiketa faltsurik ez izatea. Iñigoren heriotzan erantzukizunak daude, eta norbaitek bere gain hartu beharko ditu", gaineratu du aitak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Cabacas urteurrena Bilbo