Iñigo Cabacas -
Urtarrilaren 30ean eta 31n
Cabacas auziko inputatuek hilaren bukaeran deklaratuko dute
Calparsoro fiskalaren arabera, gertatutakoak Ertzaintzaren irudia "zikindu" egin zuen, agenteen esku hartzea "erabat bidegabea" izan zelako, baina horrek ez du esan nahi delitua izan zenik.
Erredakzioa
Cabacas auzian inputatutako lau ertzainek hilaren amaieran deklaratuko dute epailearen aurrean, eta Juan Calparsoro EAEko Fiskal Nagusiaren arabera, deklarazio horiek entzun arte itxaron beharko da inputazio gehiago dauden ala ez jakin eta instrukzioan zein pauso ematen diren ikusteko.
Adierazpenok Radio Euskadin egin ditu Juan Calparsorok.
Iñigo Cabacasen hilketagatik inputatutako lau ertzainek hil honetako 30ean eta 31n deklaratuko dute Bilboko Instrukzioko 10. epaitegian.
"Auzia instrukzio fasean da oraindik. Horrek ez du esan nahi pertsona horiek inputatuta egoten jarraituko dutenik, baina, momentuz, lau ertzain daude inputatuta" esan du. Calparsorok azpimarratu duenez, inputazioak "ez du ezer egitzat ematen", agenteak "errugabeak direla, kontrakoa frogatu arte", eta epaiketa izan arte, "edozein herritar errugabea da legearen arabera". Hala ere, inputazioa "akusazioaren ataria" izan daitekeela onartu du.
Inputazio gehiago
Horren harian, inputazio gehiago izango diren ez dakiela esan du Calparsorok. "Garrantzitsua da lau horiek esan behar dutena entzutea, eta, horiek esaten dutenaren arabera, zein pauso eman behar diren erabaki behar da gero".
Bere ustez, Ertzaintzarek irudia ez da zertan "zikin" geratu behar Cabacas auzian gertatutarengatik. "Irudia zikindu egin zen Cabacasen heriotzarekin. Argi dago Ertzaintzaren jokaera bidegabea izan zela eta ez zela zuzen aritu. Baina horrek ez du esan nahi delitua egon zenik, akats bat izan zitekeen, edo istripu bat. Posiblea da ertzain bat inputatzea jokaera bidegabe batehatik. Ikusi egin beharko da frogarik dagoen ala ez", gaineratu du.