Frantzisko aita santua -
Aste Santua
Venezuelako krisiaren eta Siriako gerraren amaiera aldarrikatu du aita santuak
Pazkoko mezan egin ditu Frantzisko I.ak adierazpen hauek, Vatikanoko San Petri basilikaren erdiko logiatik irakurritako mezuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako krisiari irtenbidea aurkitzeko itxaropena adierazi du igande honetan Frantzisko aita santuak, Venezuelako herriak "bizi duen krisi politikoari eta humanitarioari ahalik eta lasterren amaiera emateko". Gainera, Sirian izaten ari den "sarraskia" lehenbailehen amaitzeko eskatu du aita santuak.
Pazko-mezuan egin ditu aita santuak adierazpen hauek. Vatikanoko San Petri basilikaren erdiko logiatik irakurri du mezua, eta "Urbi eta Orbi" bedeinkazioa ere eskaini du, Pazko-domekaren meza zuzendu aurretik.
"Venezuelako herriarentzat kontsolamendua otoiztu egiten dugu, 'atzerriko lurralde' antzeko batean bizi baita, bidezko-, baketsu- eta giza-konponbidea aurkitu dezan, herrialdea zanpatzen ari den krisi politiko eta humanitarioari amaiera emateko", azaldu du Frantziskok.
Siriako egoerari ere aipamena egin dio. "Amaierarik ez duen gerra batengatik lur jota eginda dago Siria", esan du, eta "erantzule politiko eta militar guztiak" deitu ditu, "sarraskiari lehenbailehen amaiera eman diezaioten, eta errefuxiatuentzako laguntza humanitarioa errespetatu dezaten".
"Injustiziak eta indarkeriak" deitoratu ditu aita santuak, eta "pobrezia, bazterkeria, gosea, lan falta, errefuxiatuekiko gaitzespen soziala, droga-trafikoa, giza-trafikoa eta esklabotza mota guztiak" errefusatu ditu.