Frantzisko aita santua -

Aita santu emeritua

Bi aita santu elkarrekin biziko dira Vatikanoan, historian aurrenekoz

Aita santu emeritua "Vatikanora itzultzearekin pozik dago, eta aurrerantzean Elizaren zerbitzura lan egingo du, batez ere denbora otoitzerako erabiliz", Egoitza Santuaren hitzetan.

Benedikto XVI.a eta Frantzisko Vatikanoan. EFE
Benedikto XVI.a eta Frantzisko Vatikanoan. EFE
Benedikto XVI.a eta Frantzisko Vatikanoan. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elizaren historian aurrenekoz bi aita santu elkarrekin biziko dira Vatikanoan. Aita Santutzari uko egin eta bi hilabete geroago Benedikto XVI.a Vatikanora itzuli da eta Frantziskoren etxebizitzatik metro gutxira hartuko du ostatu, nahiz eta "munduaren begietara ezkutatuta egon", Benedikto beraren hitzetan.

Benedikto XVI.a aita santu emeritua Vatikanora itzuli da gaur, 16:45ean. Bi hilabete Castelgandolfon eman ditu Benediktok. Frantzisko aita santuak "adeitasun handiarekin" ongietorria egin dio, Egoitza Santuko prentsa-bulegoak baieztatu duenez.

Benedikto XVI.a helikopteroz heldu da 16:45ean, Geor Gaenswein Pontifizeren Etxeko prefektuarekin batera. Angelo Sodano kardinalak, Tarcisio Bertone kardinal estatu idazkariak, Giuseppe Bertello Vatikano Estatuaren presidenteak, Angelo Becciu ordezko estatu idazkariak, Dominique Mamberti harremanetarako idazkariak eta Giuseppe Sciacca monsinoreak ongietorria egin diote Vatikanoko heliportuan.

Ondoren, Benedikto XVI.a 'Mater Ecclesiae' monasteriora autoz eraman dute. Frantzisko aita santuak bertan hartu du "adeitasun handiarekin". Geroago biak "batera monasterioko kaperara joan dira otoitz laburra egitera".

Vatikanoak agiri ofizial batean azaldu duenez, Benedikto XVI.a "Vatikanora itzultzearekin pozik dago, eta aurrerantzean Elizaren zerbitzura lan egingo du, batez ere denbora otoitzerako erabiliz, berak otsailaren 11n iragarri bezala".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea