Frantzisko aita santua -
Azpijokoak Vatikanoan
Vatileaks txostena Frantzisko aita santuaren esku dago dagoeneko
Hala ere, Lombardik esan du litekeena dela berau irakurtzeko denborarik eduki ez izana.
Erredakzioa
Vatikanoko azpijoko, borroka eta ustezko ustelkeria kasuak biltzen dituen Vatileaks txostena Frantzisko aita santuaren esku dago dagoeneko, Federico Lombardi Vatikanoko bozeramaileak baieztatu duenez. Hala ere, litekeena da aita santu berriak txostena irakurtzeko denborarik eduki ez izana, Lombardiren ustez.
"Noski, aita santuaren esku dago; baina egunotan hainbeste gauza egin behar dituela kontuan izanda, ez dut uste irakurtzeko denborarik izan duenik'', gaineratu du Lombardik.
Benedikto XVI.ak hiru kardinalek osatutako lantaldea eratu zuen joan den udaberrian, aita santuarekin eta Vatikanoarekin lotura zuten ezkutuko dokumentazioen filtratu eta argitaratu izana ikertzeko.
Horren harira, Paolo Gabriele Ratzingerren maiordomoa atxilotu eta kondenatu zuten, baina, gerora, aita santuak berak barkatu egin zuen.
Kardinalek 30 bat lagun galdekatu zituzten, eta informazio hori guztia Benedikto XVI.aren esku utzi zuten joan den abenduan. Ratzingerrek zereginari uko egin zionean, dokumentuok bere ondorengoaren esku uztea erabaki zuen.
Aitasantutzaren hasierako meza eta arrantzalearen eraztuna
Frantziskoren aitasantutzaren hasierako meza bihar egingo dute, eta aita santuak, meza amaitu eta gero, herrialde guztietako ordezkariei San Petriren basilikan harrera egiteko asmoa du.
Aurretik, plazan barrena ibilbidea egingo du Frantziskok, papamobilean edo San Petri plazako harrera publikoetan erabili ohi den jeep berezian. Ibilbidea 08:45ean (07.45 GMT) hasiko da, eta ordu eta erdi bat iraungo du. Bukatzean, San Petriren basilikan sartuko da aita santu berria, mezarako jantzi eta San Petriren hilobian otoitz egiteko.
Ondoren, plazan bertan, estola eta arrantzalearen eraztuna jarriko dizkiote, aitasantutzaren sinbolo.
Aita santuaren ezkutuaren leloa
"Miserando atque eligendo" ("Errukiz begiratu zuen, eta aukeratu egin zuen'') leloa aukeratu du Frantzisko aita santuak bere ezkuturako. Bertan, Jesusen Konpainiaren ikurra izango da ikusgai, eguzki baten gainean.
130 herrialdetako ordezkariak
Aurreikuspenen arabera, milaka lagun eta 130 herrialdetako ordezkariak izango dira bihar mezan. Espainiako ordezkaritzako buruak Asturiasko printze-printzesak izango dira, eta Erroman izango dira, baita ere, Mariano Rajoy Gobernuko presidentea, eta Atzerri, Justizia eta Barne Ministerioetako buruak.
Hala, Mariano Rajoy eta Alberto Ruiz-Gallardon Italiako hiriburura iritsi berri dira, eta bertan zegoen jada Jose Manuel Garcia-Margallo. Jorge Fernandez Diaz Asturiasko printze-printzesekin batera iritsiko da.
Igandean dozenaka mila lagun elkartu ziren Erromako San Petri plazan Frantzisko aita santuaren lehen angelusa entzuteko.