Frantzisko aita santua -
Aurrekariak
Frantzisko aita santua, kirchnertarrak eta Argentinako diktadura
Diktadura garaian isilik egotea egozten diote askok. Kirchnertarrak, gainera, ika-mika ugari izan zituen.
Erredakzioa
Jorge Mario Bergoglio Argentinako kardinala historiako 266. aita santua bihurtu da. Argentinan, Gotzainen Biltzarreko presidente gisa Nestor Kirchner presidentearekin eta Cristina Fernandez haren ondoregoarekin harreman txarrak izan ditu; izan ere, biek Bergoglio kardinalarekin liskarrak izan dituzte.
Hala ere, Cristina Fernandez de Kirchner Argentinako presidenteak aita santu berriari agintaldi "emankorra" opa dio, "erantzukizuna handia delako".
Maiatza Plazako Amonak elkarte humanitarioak gogorarazi duenez, Bergogliok lekuko gisa deklaratu zuen, Argentinako diktadura garaiko (1976-1983) krimenen epaiketan.
Diktadura garaian isilik egotea leporatzen ziotenen aurrean, Bergogliok zera adierazi zuen 2010. urtean, liburu batean: "Garai horretan ez nuen ezer esan, inori jokoa ez egiteko, eta ez zerbati ezkutatu nahi nuelako".
Argentinako Gotzainen Biltzarreko kide gisa Bergogliok Kirchnerren gobernu ezberdinei eraso egin die. Zentzu horretan, Kirchnerren politikak gogor kritikatu ditu, eta baita Eliza Katolikoaren inguruan izandako jarrerak ere. Azken polemika 2012an izan zen, Argentinak homosexualen arteko ezkontzak onartu zituenean.
Nestor Kirchnerren agintaldian (2003-2007), Argentinako presidenteak eztabaida beroak izan zituen Bergogliorekin. Kardinala oposizioko beste kide bat zela esatera heldu zen Nestor Kirchner. Argentinako komunikabideek harreman "gatazkatsua" bezala definitu dute. Cristinaren Presidentetzarekin harremanak hobetu ziren, baina liskarrak ez ziren erabat desagertu.
2003an Nestor Kirchnerrek hauteskundeak irabazi eta gero, Bergogliok agintari berriaren "exhibizionismoa eta iragarki karrankariak" kritikatu zituen. Bergogliok zuzendutako zenbait ekitaldietara joateari uko egin zion presidenteak, eta Eliza eta Gobernuaren artean harremanik ez zegoela baieztatu zuen Gotzainen Biltzarrak.
Cristina Fernandez boterera heldu zenean, harremanak hobetu ziren, presidente berriak 2009an Vatikanora egindako bidaia prestatzeko Elizarekin hitz egin zuelako. Baina Fernandezen Gobernuak "krispazioa" elikatzen zuela salatu zuen Bergogliok. "Aspalditik Gobernua ez da jendeaz kezkatzen", kritikatu zuen kardinalak.
2010ean Gobernuak homosexualen arteko ezkontzak arautzeko legea onartu zuen, eta harremanak gehiago okertu ziren.