Frantzisko aita santua -
Konklabea
Kardinalak, Kapera Sixtinora sartu aurreko azken orduetan
Italiako komunikabide batzuen arabera, Angelo Scola eta Pedro Odilo Scherer dira une honetan boz gehien lortuko lituzketen kardinalak.
Erredakzioa
Aita santu berria aukeratuko konklabea hasteko bezperan, kardinal hautesleek Elizak behar duen aita santua "aukeratzen jakiteko" erregutu diote Espiritu Santuari.
Horixe esan du Carlos Amigo Vallejo Sevillako kardinalak. Amerikako edo Afrikako aita santua aukeratzeko unea iritsi den galdetuta, "Jainkoak hizkuntza guztiak ulertzen ditu", erantzun du eta "Jainkoak nahi duena" izango dela azpimarratu du.
Kongregazioak egin dituzte egun hauetan eta aita santua aukeratzea "ardura" handia dela esan du Amigok. Halaber, euren artean "bake handia" dagoela adierazi du "Jainkoa gurekin dagoela dakigulako".
Ildo honetan mintzatu da Timothy Dolan aita santu izateko aukera handiak dituen New Yorkeko kardinala. Erroman eman duen mezan, konklabea motza izatea gustatuko litzaiokeela esan du.
Angelo Scola kardinal eta Milango apezpikuaren alde ere egingo omen dute askok bozketan, eta datorren aita santuak "azken urteetakoen bideari" jarraitu behar diola esan du. Gainera, "santu" izan behar duela uste du.
Antonio Maria Rouco Varela Madrileko kardinalak egungo gizartea eraldatzeko beharra aipatu du. Ildo berean mintzatu da Peter Erdo Budapesteko purpuraduna.
Bitartean, Kapera Sixtinora sartu baino lehenagoko azken orduak pasatzen ari dira kardinalak. Italiako komunikabide batzuen arabera, Scola eta Pedro Odilo Schere brasildarra dira aukera gehien dituzten kardinalak. Hala ere, boto gehien lortuko lituzketen arren, ez lukete gehiengoa lortuko, betiere iturri horien arabera.
Aita santua aukeratzeko zenbaketa guztietan, botoen bi herenak behar dira. 115 kardinalek emango dute botoa: ondorioz, 77 boto behar dira gutxienez.
Italiako prentsaren arabera, Scolak 37 boto izango lituzke, eta Scherek 29. Hori dela eta, oraingoz, ez dago kardinal kopuru handiena batzeko hautagai indartsurik.