Biografia Benedikto XVI | Joseph Ratzinger, 2005etik 2013ra arteko aita santua | EITB aita santu berria
Benedikto XVI.a, Vatikanoa garbitzea lortu ez zuen aita santua
Aita santu gazteago batek Vatikanoaren azpijoko ilunak menperatzeko helburuz egin dio uko zereginari Joseph Ratzingerrek.
(Milaka lagunek agurtuko dute aita santua. EFE)
DAVID PEREZ
Benedikto XVI.a 600 urtean zereginari uko egin dion lehen aita santua izan da. Fisikoki eta psikologikoki nekatuta utzi du aitasantutza, Vatikanoa azken eskandaluek azaleratutako aginte-borroketatik garbitzeko indar nahikoa falta zaiolako.
Joseph Ratzinger (Bavaria, Alemania, 1927) Joan Paulo II.a hil eta gero izendatu zuten aita santu, 2005. urteko apirilaren 19an, XXI. mendeko lehen konklabean.
Aitasantutzara iritsi zenean, inkisidore eta ortodoxiaren zaintzaile ospea zuen. Izan ere, 23 urtez Fedearen Irakasbiderako Kongregazioaren (Inkisizio ohia) burua izan zen. Kargu horretan, zigor zorrotzak ezarri zizkien askapenaren teologia sustatzen zuten apaizei.
Dena dela, Benedikto XVI.ak jarrera adeitsua erakutsi du aita santu gisa, eta Vatikanoaren estoldak garbitzen saiatu da, porrot egin badu ere. Ahalegin horren adibide, apaiz pederasten biktimei barkamena eskatu ziela (Joan Paulo II.a auzia ezkutatzen saiatu zen hainbat urtez), eta aita santu gazteago batek Vatikanoaren azpijokoak garbitzeko helburuz egin diola uko zereginari.
Ratzingerren aitasantutza Vatileaks auzia (hainbat txosten sekretu ostu zituzten Vatikanoan) dela-eta ere gogoratuko du Historiak.
Hiru kardinalek auzia ikertu zuten, eta Vatikanoan sexu harremanak, agintea lortzeko borrokak eta iruzur fiskalak daudela azaleratu zuten.
La Repubblica egunkariaren arabera, aita santuak ikerketaren emaitzak ezagutu zituen egun berean erabaki zuen zereginari uko egitea, abenduaren 17an.
BIOGRAFÍA
Joseph Ratzinger Bavarian, Alemanian, jaio zen 1927. urteko apirilaren 16an.
1946tik 1951ra Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituen Freisingeko eta Municheko unibertsitateetan.
Jarduera zientifiko biziarengatik, Alemaniako Gotzainen Biltzarrean eta Nazioarteko Batzorde Teologikoan kargu garrantzitsuak izan zituen.
Bonn, Munster, Tubingen eta Regensburg hirietako unibertsitateetako Teologia irakasle izan zen eta Vatikanoaren II.Kontzilioan Koloniako Frings kardinalaren laguntzailea izan zen.
1977. urtean, Municheko artzapezpiku izendatu zuen Pablo VI.ak, eta klaseak utzi behar izan zituen. Hilabete batzuk geroago, kardinal bilakatu zen. Joan Paulo I.a eta Joan Paulo II.a aita santuak izendatzeko kardinal batzarretan parte hartu zuen.
Lan intelektual handia egin zuen, bereziki 80ko eta 90eko hamarkadetan, hainbat liburu kaleratuta. Bere teoriek elizako aurreratuenen kritikak eragin zituzten, baina Joan Paulo II.a aita santuaren konfiantza irabazi zuen. Azken horrek Fedearen Irakasbiderako Kongregazioaren prefektu izendatu zuen, eta, geroago, Velletri-Segniko kardinal-artzapezpiku.
Doctor honoris causa izendatu dute zortzi aldiz, besteak beste, Nafarroako Unibertsitatean, 1998an.
2005eko apirilaren 19an, Joseph Ratzinger aukeratu zuten Eliza katolikoko buru izateko, Joan Paulo II.a ordezkatzeko, hain zuzen ere.
Laugarren bozketan, Konklabearen bigarren egunean, hautatu zuten aita santu. Birritan atera zen ke beltza tximiniatik, eta azkenean, 17:50ean, ke zuria ikusi zuten San Petri plazan bildutakoek.
Izendapenak kritika ugari eragin zituen, profil neokontserbadorea zuelakoan. Vatikanoaren II. Kontzilioaren aurretik Elizak zuen doktrina eta antolakuntzara bueltatu nahi izatea egotzi zioten. Batzuek iragarri zutenez, hainbat gaiekiko Elizaren jarrerak muturrera eramango zituen, besteak beste, abortuaren, homosexualitatearen, eutanasiaren eta antisorgailuen inguruan.
Kargua hartu eta hurrengo egunean lehen polemikari aurre egin behar izan zion; izan ere, Armadaren III. Reich-an parte hartu zuen. Aita santuaren "iragan naziak" hautsak harrotu zituen eta Ratzingerrek berak bere biografian esan zuen "bere belaunaldian ohikoa zela".
Jendetza bildu da Vatikanoan, aita santuari agur esateko
Milaka fededun bildu dira Vatikanoko Done Petri plazan, Benedikto XVI.a aita santuari agur esateko.
Aita santua gaztelaniaz ere mintzatu da bere azken agerraldian
Hainbat hizkuntzatan aritu da Benedikto XVI.a bere azken audientzian, eta bere ondorengoa aukeratzeko zeregin zaila dutenen alde otoitz egiteko eskatu du.
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa