Krisi Ekonomikoa -
2013ko Aurrekontuak
EAJk ez du osoko zuzenketa aurkeztuko Gipuzkoako Aurrekontuetan
Azkenik, Gipuzkoako jeltzaleek 91 zuzenketa aurkeztuko dituzte guztira eta ez osokoa egungo krisialdi "larriarekin koherentzia" izateko.
Erredakzioa
EAJren Gipuzkoako taldeak ez du osoko zuzenketa aurkeztuko Bilduk egindako 2013ko Aurrekontuen zirriborroan, lurraldean kontuak onartzea "ahalbidetzeko edo ez oztopatzeko", eta egungo krisialdi "larriarekin koherentzia" izateko.
Aurrekontuetan 91 zuzenketa aurkeztea erabaki dute jeltzaleek, osokoa aurkeztu baino, eta guztira 24 milioi euroko aldaketa egitea suposatuko lukete zuzenketok.
Aipatutako zuzenketak hiru esparrutan bilduta daude; hain zuzen, krisialdi ekonomikoari aurre egiteko neurriak, politika soziala -adinekoak eta pertsona dependienteei eragiten dietenak, bereziki- eta zaborrak. Azken kasu honetan, erraustegiaren inguruan Garitanok iritzi argi bat adieraz dezala eskatu dute.
Joseba Egibar, Markel Olano, Maria Eugenia Arrizabalaga eta Eider Mendoza jeltzaleek Donostian egindako prentsaurreko batean jakinarazi dute alderdiak Gipuzkoako Aurrekontuen gainean hartutako erabakia, zuzenketak aurkezteko epea astelehenean bukatzen baita.
Horren ildotik, Egibarren esanetan, EAJk jarrera "oso kritikoa" du alderdi suberanistak aurkeztutako proiektuarekin, baina "erakundeen gobernuek kudeaketa antola dezaten tresnak ahalbidetzeko" printzipioarekin "koherenteak" izateko hautua egin dute. Halaber, nabarmendu nahi izan du bere alderdiak ez duela EH Bildurekin harremanak estutzeko asmoa, Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuetan babesa lortzeko.
Gainera, ez daki "zein punturaino gerturatu edo urrundu" daitekeen EAJ EH Bildurekiko, nabarmendu du.
"EAJ koherente izaten saiatzen da eta, beste erakundeetan hartuko dituzten erabakiak gorabehera, agerikoa da ez dagoela loturarik, Aurrekontu gipuzkoarrak orain onartuko direlako eta, kasurik onenean, 2013ko martxoa aldera ezagutuko du Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzaren Aurrekontuen proiektua", Egibarren arabera.