Krisi Ekonomikoa -
Gatazka
Itzuli egin beharko dut Gabonetako aparteko ordainsaria?
Espainiako Gobernuak Konstitizionalera jo du, eta ez dago ziur azkenean Jaurlaritzak ordainsaria emango duen.
Erredakzioa
PSE-EEren jarduneko Eusko Jaurlaritzak 67.000 funtzionarioei ordaintzea iragarri zuen, baina hori airean geratu daiteke, Gobernu zentralak Auzitegi Konstituzionalean horren aurkako helegitea aurkeztu duelako.
Erabaki honen berri izan ostean, Konstituzionalak gatazka hau izapidetzea erabakitzen duen ala ez esperoan dago Eusko Jaurlaritza, aparteko ordainsaria hilaren 10ean egitea agintzeko. Era horretan, funtzionarioek abenduaren 20an jasoko lukete soldata.
Auzitegi Konstituzionaletik jakitera eman dutenez, Gobernuak idatzia arratsaldean egin du legezkoa. Soraya Saenz de Santamaria presidenteordeak azaroaren 30ean iragarri zuen erabakia.
Helegitea behin aurkeztuta, Konstituzionalak datorren osoko bilkuran hartuko du horren inguruko erabakia. Halaber, Euskadin gauzatutako neurria geldiarazteko agindua bertan eman dezake.
Gasteizeko Jaurlaritzaren ustez, Mariano Rajoyren Gobernuaren erabakia beste autonomia erkidegoen "aurrekaria izatea ekiditeko saiakera" da.
Halaber, ordainketa agindua gelditu ala ez erabakitzeko Auzitegi Konstituzionalak helegitea onartzen duen jakin arte itxarongo dutela azaldu dute.
Kasu honetan, gainera, oraindik helegitea jaso dezakeen ''ekintzarik'' ez dagoela azaldu dute iturri horiek. Jaurlaritzak ez du oraindik ''ekintza, dekretu edo legerik aurrera eraman'', eta, beraz, asmo bat agertu baino ez du egin Patxi Lopezen exekutiboak.
Jasoko ote dut ordainsaria?
Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik bankuan ordainketa agindurik eman, agindu hori funtzionarioek ordainsaria jaso baino 10 egun aurretik egin ohi dutelako (abenduaren 20an jaso ohi dute aparteko soldata).
Gabonetako funtzionarioen ordainsariak aurrez -aurre jarri ditu azken asteotan Rajoyren Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, eta bi exekutiboek salaketak egin dizkiote elkarri.
Jaurlaritzak Gabonetako aparteko soldata ordainduko zuela iragarri eta horren aurrean Gobernuak Konstituzionalera jo ondoren, zalantzan dago orain 67.000 funtzionariok jasoko luketen ordainsaria.
Baina, behin jasota, itzuli egin beharko nuke?
Ebazpena EAJ buru izango duen hurrengo Jaurlaritzaren esku gera liteke, eta gerta liteke ere behin aparteko soldata ordaindu ondoren, hurrengo Jaurlaritzak berau itzuli behar izatea.
Hala ere, Idoia Mendia jarduneko bozeramailearen hitzetan, ordainsaria itzuli behar izateko ''aukera gutxi'' daude, ''epaitegiek ez ohi dutelako on ustea duten hirugarren bat kaltetzen'' (kasu honetan funtzionarioak).