Ekonomia -
Elkarrizketa
Enpresa txiki eta ertainentzat kreditu-lerroa eskatu du Confebaskek
Jaurlaritzari eskaera egin dio "euskal ekonomiaren egiazko likidezia arazoak arretaz hartzeko".
Erredakzioa
Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak enpresa txiki eta ertainentzat kreditu-lerroa eskatu dio Jaurlaritzari egungo atzeraldi egoerari aurre egiteko eta enplegua suntsitzen jarraitzea ekiditeko.
Radio Euskadiko elkarrizketa batean, erakundeei neurriak hartzeko eskatu die "euskal ekonomiaren egiazko likidezia beharrak arretaz hartzeko", eta 2008an "Juan Jose Ibarretxeren Gobernuak egin bezala, bankuen sistemak jarri ezin zuten likidezia mahai gainean" jartzeko eskatu du.
Lehendakari berriari, "arlo politikoaz gain, eragile ekonomiko eta sozialekin ere akordioak lortzeko" eskatu dio, "krisitik ateratzeko helburuarekin, denek norabide berean arraun egiteko".
Halaber, finantza entitateei "lehenbailehen euskal enpresa txiki eta ertainei kreditua" emateko eskatu die, "epe motzera biziraun ahal izateko".
Confebaskeko idazkari nagusiak Gipuzkoako Foru Aldundiak zergen inguruan harturiko neurriak kritikatu ditu, zehazki elkarteen gaineko zerga, "familiako enpresen biziraupena oztopatzen du", adierazi du.
Gerardo Diaz Ferran CEOEko presidente ohiaren atxiloketaren inguruan, egozten zaizkion delituak berretsiz gero, Confebaskek "Justizia zorroztasun guztiarekin ezartzeko" eskatuko lukeela esan du.