Ekonomia -
Lan-gatazka
CAFeko langileek beste lau lanuzte egingo dituzte
Halaber, aste honetan zehar bi manifestazio egitea onartu dute. Lan erregulazio-txostenak 869 langile hartzen ditu, eta CAF enpresak lan gutxiago dagoela esanda arrazoitu du hori aurkeztea.
Erredakzioa
CAFeko Beasaingo fabrikako langileek lau lanuzte partzial deitzea onartu dute astelehen honetan. Halaber, aste honetan zehar bi manifestazio egitea onartu dute, zuzendaritzak aurkeztutako lan-erregulazio txostenaren aurkako protestatzeko.
Langileek gaur amaitu dute mobilizazioen lehenengo fasea, lau orduko lanuztearen bidez.
Halaber, batzar bat egin dute greba partzial baten egutegiaren inguruko bozketa egiteko, enpresa batzordeak ohar batean jakitera eman duenez.
CAF enpresak lan gutxiago dagoela esanda arrazoitu du lan-erregulazio txostenaren aurkezpena (869 langileri eragingo die, 51 eta 61 arteko lanegunetan, egunean 350 pertsonako maximoaz).
Txosten hori 2013ko urtarriletik ekainera bitartean gauzatuko da, eta lanaldiaren % 20ari eragingo dio, sindikatuen arabera.
Plan horren aurka egitek, langileen batzordeak lau orduko lanuzteak deitzea onartu du, abenduaren 4ean, 5ean, 6an eta 10ean. Aldeko 1.261 boto izan ditu, eta 48 kontra.
Hilaren 5ean langileek manifestazioa egingo dute Ordiziako kaleetan barrena (Gipuzkoa), eta 6an Donostian izango da.
Langileen ordezkarien hitzetan, mugimendu hauen helburua "enpresak atzera egitea da lan erregulazio txostena aurkezteko aldebakarreko erabakian, eta batzordearekin hitz egiten hastea, beste aukera batzuen bitartez egoerari irtenbide bat jartzeko asmoz".