Krisi Ekonomikoa -
2015 arte
Bankiak 6.000 langile kaleratu eta 1.100 bulego itxiko ditu
Plantillaren % 28a eta bulego sarearen % 39a galduko du horrela. 2013an etekinak lortzea eta 2015erako 1.200 milioi euroko etekina izatea espero du bankuak.
Erredakzioa
Bankiak 6.000 langile kaleratuko ditu, plantillaren % 28a, eta 1.100 bat bulego itxiko ditu, dituen bulegoen % 39a, 2015 arte, erakundeak jakitera eman duenez.
Bankiak aurten galerak izango baditu ere, 2013an jada etekinak izatea espero du eta 2015erako 1.200 milioi euroko etekinera iristea du helburu.
Horixe adierazi du bankuak Jose Igancio Goirigolzarri presidenteak datuak prentsaurreko batean jakinarazi aurretik.
Berregituraketa planaren arabera, erakundeak 17.959 milioi euroko diru-laguntza publikoa jasoko du, abenduan jasotako 4.500 milioi euroak barne.
Bankiak 19.000 milioiko galera izango du 2012an, baina 2015 arte 52.000 milioiko kreditu berria lortuko duela espero du. Diru horretatik, % 84 enpresa berrietara bideratuko omen du. Gainera, estrategikoak ez diren negozioetan zituen 50.000 milioi euro berreskuratu nahi ditu.
Kaudimenari dagokionez, datozen hiru urteetan araudiak eskatzen duen gutxieneko kapitala baino 5.400 milioi euro gehiago pilatzea espero du. Plan hori betez gero, baliabide propioekiko errentagarritasuna % 10etik gorakoa izango omen da 2015ean.
Banku 'ustela'
Jose Sevilla Bankiaren presidentzia zuzendari nagusiak azaldu duenez, Bankiak 12.600 milioi euro jarri behar ditu hornidurarako, eta horietako 11.400 milioi euro datozen asteetan, ezinbestekoa baita higiezinekin lotutako aktiboak "banku ustelera" bideratzeko.
Mapfreren % 15 saldu
Bankiak Mapfren duen % 15eko zatia saldu beharko du, Europako Batzordeak hala agintzen baitio diru-laguntza publikoa jaso ahal izateko. Goirigolzarrik ziurtatu duenez, aseguru-etxeari jakinarazi diote erabaki hori.
Finantza erakundeak beste hainbat enpresatan dituen partaide-kuotak ere saldu beharko ditu. Esate baterako, Iberia eta British Airways hegazkin konpainien fusiotik sortutako IAG enpresaren zatia (% 12) saldu beharko du, eta baita Miamin duen mendeko finantza erakundea ere.
City Nacional Bank of Florida finantza erakundeak 32,2 milioi dolarreko irabazi garbiak izan ditu urteko lehen bederatzi hilabeteetan, % 7 gehiago. Banku "bikaina" da Goirigolzarriren hitzetan, "baina Bruselak agintzen du eta saldu egin beharko dugu taldea Espainiako negozioetan buru belarri sartu dadin".
Bankiako presidenteak jakinarazi duenez, finantza erakundeak lau urteko epea dauka desinbertitzeko, eta "maniobrak egiteko tartea daukagu", gaineratu du.