Krisi Ekonomikoa -
Abenduko aparteko ordainsaria
Funtzionarioek ez dute ordainsaria itzuliko epaileek baliogabetuta ere
Jaurlaritzaren esanetan, Justiziak ez du "fede oneko" kaltedunen aurka egiten.
Erredakzioa
Espainiako Estatuaren Abokatutza EAEko funtzionarioek Gabonetako ordainsaria jasotzeko erabakiaren aurka egitea aztertzen ari da.
Gobernu zentralak EAEn duen Ordezkaritzatik aurreratu dutenez, Abokatutzak Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren zehaztasunak aztertuko ditu, bide judizial batetik edo bestetik jotzea erabakitzeko.
Idoia Mendia Jaurlaritzaren jarduneko bozeramaileak atzo azaldu zuenez, euskal funtzionarioek ez lukete ordainsaria itzuli beharko epaileek erabakia baliogabetuko balute, Justiziak ez baitu "fede oneko" kaltedunen aurka egiten.
Nortzuek jasoko dute Gabonetako ordainsaria?
Azkenean, Eusko Jaurlaritzaren 67.000 funtzionarioek eta Eusko Legebiltzarraren 108ek jasoko dute Gabonetako aparteko ordainsaria.
Aldundiei dagokienez, Bizkaikoak eta Arabakoak ez dute emango, eta Gipuzkoakoa nola eman aztertzen ari da. Oraingoz, baina, ez du topatu modua.
Hiriburuetako udalek ere ez dute ordainsaria emango, baina Bilbokoak eta Donostiak urtarrilera aurreratuko dute 2013ko udako aparteko ordainsaria.
Nafarroan, funtzionarioek ez dakite oraindik ordainsaria kobratu ahal izango duten. Izan ere, UPNren Gobernuak 2013ko, 2014ko eta 2015eko ordainsariak urtarrilera eta ekainera aurreratu nahi ditu, baina oposizioa ez dago ados eta ordainsaria abenduan ematera behartu nahi dute.