Krisi Ekonomikoa -

Galde-erantzunak

Gabonetako aparteko ordainsaria: Eta orain, zer?

Saihestu al da Espainiako Gobernuaren dekretua? Konstituzionalak galarazi al dezake funtzionarioek ordainsaria jasotzea? Eta udako ordainsariarekin, zer?

Gabonetako aparteko ordainsaria: Eta orain, zer?
Gabonetako soldata kenduz gero, zuzenean eragingo dio kontsumoari

01:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren 70.000 funtzionarioek jaso egingo dute Gabonetako aparteko ordainsaria, Mariano Rajoyren Gobernuak lege-dekretu bidez emandako agindua saihestuta.

Baina, legezkoa ote da Espainiako Gobernuaren dekretuaren gainean interpretazio ezberdinak egitea? Legezkoak al dira aparteko soldata ordaintzen jarraitzeko maniobrak? Juanjo Alvarez Zuzenbide katedradunak galdera horiek eta beste hainbat erantzun ditu Radio Euskadin.

"Espainiako Gobernuaren dekretua oso irmoa da, [aparteko ordainsaria kentzea] oinarrizko legea dela zazpi aldiz aipatzen du, eta, beraz, Estatuko Administrazio Publiko guztien funtzionarioei eta langileei ezarri behar zaie. Erabakia neurrigabea da eskuduntzen ikuspegitik, baina Gobernuak oinarrizko legea zer den ezartzeko aldebakarreko gaitasuna dauka", Alvarezek azaldu duenez.

Horren ildotik, Exekutiboaren agindua bete ezean, bi ondorio egon daitezkeela zehaztu du: Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztea Auzitegi Konstituzionalean alde batetik (ondorioz, Jaurlaritzaren erabakia automatikoki indargabetuko zen, behin-behinean), eta ordainsaria ematea erabaki duten agintariak gaitasungabetzea, bestaldetik.

DEKRETUA SAIHESTEKO MODUAK

Nolanahi ere, katedradunak aitortu egin du badaudela ordainsariari dagokion dirua ordaintzen jarraitzeko moduak.

Adibidez, 2013ko udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzea aipatu du: "Estatuko Administrazio Publiko batek defizit-muga urratzen ez badu, ezin zaio galarazi soldatak modu batean edo bestean zatitzea. Ordainsaria aurreratzea ez da iruzurra, legea ezartzeko beste modu bat da".

Eta 2013ko udako aparteko ordainsaria kobratzeko orduan, zer? Alvarezen erantzuna: "Aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratu badut, ondoren ez diot berriz deituko 'aparteko ordainsaria', osagarriak ezarriko ditut, soldata jaitsi ez dadin".

"Abenduko soldatan ezin da agertu 'aparteko ordainsaria' adierazpena", laburbildu du.

APARTEKO ORDAINSARIA EZ DA OPARIA

Bestalde, katedradunak gogorarazi du aparteko ordainsaria ez dela "oparia". "Funtzionarioen soldata osoaren % 7 da; aparteko ordainsaria langile publiko guztiek jasotzeko eskubidea duten soldata osoaren zati bat da".

Rajoyk 2012ko aparteko soldata kendu eta gero, funtzionarioen soldata % 12 jaitsi da krisia hasi zenetik. Izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak % 5 jaitsi zuen, eta orain Gabonetako ordainsaria kentzeak beste % 7 jaistea dakar.

Gainera, gogoratu behar da funtzionarioen soldata izoztuta dagoela 2011tik, hau da, ez dela BEZaren arabera igo.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea