Ekonomia -
Kutxabanken
PSEk eta CCOOk EAJ eta PP 'babestu izana' kritikatu du Urizarrek
EH Bilduk Kutxabankeko Administrazio Kontseilutik gizarte eragileen hautagaitza "baztertzeko erabakiaren" aurka helegitea jarri du.
Erredakzioa
PSEk eta CCOOk murrizketen aurkako "greba orokorra babestu", eta ondoren, Kutxabankeko Administrazio Kontseiluaren eratze prozesuan EAJ eta PP babestea kritikatu du Pello Urizar EAko idazkari orokorrak.
ETBko elkarrizketa batean, EH Bilduk Kutxabankeko Administrazio Kontseilutik gizarte eragileen hautagaitza "baztertzearen" erabakiaren aurka egingo duela iragarri du, "Kutxako egungo presidenteari interesatzen zaion araudiaren interpretazioa eginda hartutako erabakia" izan dela salatu baitu.
PSEk eta CCOOk Kutxan "EAJk eta PPk nahi duten ildoaren" alde egitea kezkagarria dela esan du Urizarrek eta "alderdi horietan, erabaki horiekin deseroso dauden lagunak" daudela adierazi du.
Gipuzkoaren gainetik dauden "interesengatik" CCOOk eta PSEk botoa EAJren eta PPrekin batera eman dutela eta EH Bildu Kutxabankeko Administrazio Kontseilutik at gelditu dela adierazi du.
EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, EAJk eta PPk nahi duten ereduak arriskuan jartzen du kutxaren "gizarte funtzioa, hau da, politika aurrerakoien eta etxegabetzeen auziei adibidez aurre egiteko oinarria".
Bilduren helegitea
Bilduk gizarte eragileen hautagaitza baliogabetzearen aurka helegitea jarri du Donostiako epaitegi batean.
Koalizio abertzalearen iturriek adierazi dutenez, goizean jarri dute helegitea eta 16:00etan Kutxako batzarra hasi baino lehen ebaztea espero dute.
Joan den larunbatean, Kutxako hauteskunde batzordeak gizarte eragileen hautagaitza baliogabetzea erabaki zuen (Bilduren gertuko zerrenda) ordezkoetako batek 70 urtetik gora dituelako, eta horrek administrazio kontseiluan parte hartzea eragozten diola argudiatu zuten.